Zazpi herrialdeen arteko herri-kirol txapelketa irabazi du Nafarroak

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 2a, 08:30

Unai Iantzi aniztarra eta Itxaso Onsalo aresoarra eskualdeko txapeldunak, Nafarroako ordezkari guztiekin.

Unai Iantzi aniztarrak koxkor biltzen eta Itxaso Onsalo aresoarrak trontzan lortu zuten garaipena.

Larunbatean Bilboko Casilda Iturrizar parkean jokatu zen zazpi herrialdeen arteko herri-kirol txapelketa. Izenean zazpi herrialde agertugatik, bortz talde lehiatu ziren: Hego Euskal Herritik lau, probintzia bakoitzeko bat; eta Ipar Euskal Herrikoko hirurek elkarrekin talde bat osatu zuten. Eguraldia tarteko, jokatu ohi diren hamar modalitatetik bi alde batera utzi behar izan zituzten, sokatira eta lasto altxatzea zehazki.

Lehenbiziko proba koxkor biltzea izan zen eta Unai Iantzi aniztarra izan zen bizkorrena. 50 koxkor biltzeko 6.18 behar izan zituen. Trontzan ere Itxaso Onsalo aresoarra, Mikel Eugirekin bikote osatuta, izan zen onena. Bi proba horiek ez ezik, zaku eramatea eta aizkora ere irabazi zituzten nafarrek eta bigarren sailkatu ziren ingude jasotzean eta orga jokoan. 

Proba horietan guztira 34 puntu lortuta, irabazle izan zen Nafarroa. Bigarren sailkatu zen Bizkaia (28); hirugarren Araba (25); laugarren Iparraldea (14); eta azken postuan Gipuzkoa (13 puntu).

Ondoko hitzordua irailaren 28an Igantzin

Irailaren 28an Igantzin Euskal Herriko txapelketa izanen da. Kasu horretan lehiakideek ez dute probintziarik ordezkatuko, norberaren izenean arituko baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun