Iazko urte hondarrean zorrik ez zuten udalen artean daude Arano, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubieta. Gainerako udal guztiak ere gerrikoa estutzen ahalegintzen ari dira aspaldiko urteotan eta, konparaziora, 2017ko abenduaren 31n guztien artean zuten zorra 10.535.000 eurokoa bazen, urte bat beranduago, 2018ko abenduaren 31n, 9.888.000 eurokoa da. Horixe ageri da Espainiako Ogasun Ministerioak argitaratu dituen datuetan. Emandako zenbakiak udalen zor biziari egiten diote erreferentzia, hau da, udalek urteko azken egunean banketxeetan zituzten zorrak dira taulan ageri direnak.
Udalek duten zor biziaren kopuruak nabarmen egin du behera azkeneko hamar urteotan. Ideia bat egiteko, 2011ko abenduaren 31n zuten zorra 20.381.011 eurokoa zen, orain dutenaren doblea baino gehiago.
Udalen zorra biztanleko
Batez beste, eta kontuan hartuta udal guztien artean 26.485 biztanle zeudela 2018an, biztanleko zorra 373 eurokoa zen iaz. Taula honetan ikus daitekeenez, Lesaka da biztanleko zorrik handiena zuen udala.