Eskualdeko hainbat kirolarik parte hartuko dute larunbat honetan jokatuko den Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 28a, 09:00
Joan den urtean, Nafarroako taldea nagusitu zen Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan.

Bilbon jokatuko da aurtengo lehia eta Nafarroako taldea ordezkatuz eskualdetik ordezkaritza zabala ariko da.

Sokatiran Lesakako Beti Gazteko kirolariak ariko dira; arpanean Itxaso Onsalo aresoarrak Mikel Eugi izanen du lagun, txokor biltzen Unai Iantzi aniztarra ariko da eta lasto altxatzen Iñigo Goienetxe amaiurtarrak ordezkatuko du Nafarroako taldea. Txingekin Daniel Saldias arraioztarra ibiliko da eta orgarekin Xabier Urrutia arraioztarra. Gainerakoan, zaku-lasterketan Oskar Aguas, Oier Aizkorbe eta Iñaki Iraizoz, ingudearekin Alex Fernandez, aizkoran Iker Vicente eta harri-altxatzen Jon Irañeta ariko dira Nafarroako taldean.

Txapelketa Bilboko Casilda parkeko zelaian jokatzekoa da eta eguraldi txarra bada, Zorrotza auzoko frontoian eginen dute. 17:00etan taldeen aurkezpena eginen dute eta ordu erdi beranduago hasiko da txapelketa. Sari-banaketa 19:30 aldera eginen dutela aurreikusi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun