Eskualdeko bikoteek hiru txapel ekarri dituzte XIX. Ola Pilota Txapelketatik

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 27a, 07:30

Aurten XIX. aldiz Irungo Ola sagardotegian pilota txapelketa jokatu dute. Igandean finalak jokatu zituzten eta jokoan zeuden bortz txapeletatik hiru eskualdera etorri dira: Arantzara, Baztanera eta Doneztebera.

Hainbat kategoriatan banatuta, 31 bikotek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Berako Gure Txokoa elkartekoak, Lesakako Arkupe elkartekoak, Oiartzungo Oiarpekoak, Baztango Txaruta elkartekoak, Errenteriako Eplekoak, Doneztebeko Erreka elkartekoak, Donostiako Añorgakoak, Hendaiako Endaiarrak taldekoak, Biriatuko Biriatu elkartekoak, Arantzako Ekaitza Elkartekoak eta Ordiziko Txapagain elkarteko pilotariak izan dira parte hartu dutenak eta horiekin batera antolakuntzak gonbidatuta, Ola sagardotegiaren izenpean bertze bi bikote aritu dira.

Abuztu erdialdean hainbat pilota partida jokatu ondotik, horietatik aitzinera egitea lortu zutenek igandean, abuztuak 25, finala jokatu zuten. Guztira bortz final jokatu zituzten:

Aurrebenjaminetan, Arantzako Ekaitza Elkartean ari diren Ander Etxegarai eta Amets Madariagak 14-8 irabazi zieten Lesakako Arkupe elkarteko Urko Telletxea eta Xuban Magañari.

Benjaminetan, Gipuzkoara joan zen txapela. Errenteriako Jon Ramirez eta Eñaut Iturainek 16-6 irabazi zieten Baztango Txaruta elkarteko Eneko Prim eta Julen Elizaintzini.

Alebinetan baztandarrak nagusitu ziren. Txarutako Oier Prim eta Arkaitz Goikoetxe 18-12 nagusitu ziren Oiartzungo Manex Olaitz eta Unai Olaitzen aurka.

Infantiletan, Txapagain elkarteko pilotarientzat izan zen txapela. Oihan Etxeberria eta Aratz Otaegik osatutako bikoteak 20-6 irabazi zieten Lesakako Arkupe elkarteko Beñat Etxabide eta Oier Orbegozori.

Kadeteetan, azkenik, Doneztebeko Erreka elkarteko pilotariek irabazi zuten. Joseba Telletxea eta Mikel Mikelarena 22-14 nagusitu ziren Tolosako Unai Amiano eta Arkaitz Gabirondoren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun