Ikasturte hasierako gastuekin arduraz jokatzeko ohartarazi du Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 25a, 10:00

Nafarroan egindako inkesta baten arabera, gurasoek haur bakoitzeko batez bertze 330 euro gastatuko dituzte aurten

Haur bakoitzearen benetako beharrak aztertzeko aholkatu du kontsumitzaileen elkarteak, eta adingabeak modaren edo marken eraginez izan ditzakeen lehentasunak alde batera utzita, beharrezkoa dutena erosteko adierazi du.

Cies etxeak egindako inkestaren datuak jakinarazi ditu Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak eta horren arabera, ikasturte hasieran, iaz baino hiru euro gehiago gastatuko dituzte Nafarroako gurasoek haur bakoitzeko, batez bertze 330 euro. Gastua familiaren arabera aldatzen dela azaldu du: «haurrak eskolan dituzten gurasoen %65ak 100 eta 400 euro artean gastatuko duela uste du; %15ak 400 eta 600 euro artean gastatuko duela dio eta %10ak 100 euro baino guttiago gastatzea aurreikusia du eta bertze %10ak 900 euro baino gehiago».

Ohiko gastuak
Ikasturte hasieran izaten diren gastuak ere bildu ditu Iratxek. Arroparen kasuan, uniformea duten ikastetxeetan, Iratxeren ustez «ez da ohikoa 80 euro baino guttiago gastatzea». Liburuek sortzen duten gastuez ere aritu da kontsumitzaileen elkartea. Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ari direnentzat testuliburuak doan lortzeko programak badirela oroitarazi dute. Programa horri uko egin dioten gurasoek, berriz, haurra Lehen Hezkuntzan badute 120 eta 230 euro artean ordainduko dute testuliburuengatik; DBHn badute, 125 eta 255 euro artekoa izanen da gastua eta Batxilergoan 260 eurotik goitikoa.

Eskolako materialean ere gastuak aldakorrak direla dio Iratxek. Adibide batzuk ere eman ditu: «motxilak 10 eurotik 75 euro arte kosta daitezke, margo, lapitz, baligrafo eta estutxeekin 35 euro erraz joan daitezke eta karpeta batek 5-25 euro artean balio ditzake». Gauza bat eta bertze, «materialen gastua lasai ederrean 90 euro artekoa izan daiteke», adierazi dute kontsumitzaileen elkartetik. Garraioan hilabetean 90 eta 110 euro artean gastatzen direla eta jantokiko gastuak hilabetean 100-125 eurokoak izan daitezkeela kalkulatu du Iratxek.

Gastuak ikusita, aurrezteko behar den guztiaren zerrenda egiteko aholkatu dute, eta erosi aitzinetik lehendik etxean dauden materialak erabilgarri dauden ikusteko oroitarazi du; dendetako prezioak konparatu eta marken gainetik produktuaren kalitatea aintzat hartzeko eskatu du. Administrazio publikoaren aldetik dauden dirulaguntzen berri jasotzeko ere gomendatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun