Asteburura begira ibilgailu astunen trafikoa murriztu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 23a, 08:38

Miarritzen egitekoa den G7koen goi bilera dela eta, ortziraletik larunbaterako gauerdian hasi eta astelehen arratsaldeko seiak arte 7,5 tonatik goitiko ibilgailuek ezin izanen dute Nafarroatik Ipar Euskal Herrira joan. Gisa honetara, kamioien pilaketak saihestu nahi dituzte.

Aipatu egunetan, ibilgailu astunek ezin izanen dute Nafarroa eta Ipar Euskal Herria lotzen dituzten bortz errepide nagusietan zirkulatu: Iparraldeko Autobidean (A1), Leitzarango Autobidean (A-15), Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-An, Dantxarinean barna pasatzen den N-121-B errepidean, eta Luzaiden barna Nafarroa eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen N-135 errepidean. Debekua bigarren mailako errepide sareko hogei bat errepidetara ere hedatu dute.

Bertzalde, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, kamioientzako aparkatzeko eremuak egokitu dituzte. Horien artean, Leitzako industrialdean 35 kamioirentzako tokia egokitu dute eta Baztanen, Zozaiako baskulan, 20 kamioirentzat.

Horrez gain, Ipar Euskal Herrirako bidaia mota guztiak guttienez asteartea arte gibelatzeko eskatu die Gobernuak herritarrei. Hala ere, bidaiak gibelatu ezin badira, aitzinetik Nafarroako errepide-sareko kamerak eta Eusko Jaurlaritzaren www.trafikoa.eus webgunearenak kontsultatzeko aholkatu du, errepidearen egoera ezagutzeko.

Osasun zerbitzuak eta suhiltzaileak
Murrizketak murrizketa, osasun-zentroek eta ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuek normaltasun osoz funtzionatuko dutela adierazi du ohar bidez Nafarroako Gobernuak. Prebentzio gisa, anbulantzia kopurua indartuko dute Bera, Auritz eta Luzaideko osasun-zentroei zerbitzua emateko, eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren kasuan, Oronoz-Mugairiko eta Aurizko parke profesionaletan dagoen langile kopurua gehitu dute egun hauetarako eta alerta mezua bidali diete Bera, Lesaka eta Luzaideko boluntarioen parkeko suhiltzaileei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun