'Letrak ahora' literatur lehiaketa antolatu dute 16 urtetik goitikoentzat

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 22a, 17:00
Joan den urteko edizioan saritutako lanekin argitaratu zuten liburuxka.

Lehiaketa Arbizuko Udalak antolatu du baina deialdia zabaldu egin dute eta edozeinek parte har dezake

Lehiaketak bi sail izanen ditu: narrazio laburra eta poesia. Gaia gastronomia izanen da eta lanak aurkezteko epea irailaren 29an bukatuko da, egun hori barne. Argazkia: Guixe.eus.

Lanak Internet bidez bidaliko dira kultura@arbizu.eus helbidera pdf formatuan eta datuak (izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta e-posta) bertze dokumentu batean bidaliko dira.

Lanak orginalak, aitzinetik saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira eta ez dituzte bertsopaperak onartuko. Banaka eginak izan beharko dute eta egile bakoitzak nahi adina testu aurkezteko aukera izanen du. Narrazio laburren kasuan, guttienez orrialde batekoak (1.500 karaktere) eta gehienez hiru orrialdekoak izanen dira eta poesiaren kasuan, guttienez 10 lerrokoak eta gehienez 50 lerrokoak onartuko dituzte.

Epaimahaia Castillo Suarez eta Elizondoko Jon Barberena idazleek osatuko dute eta sail bakoitzean irabazleek ehun euro eta argitalpen ilustratua jasoko dute. Narrazio laburra eta poesia biak argitalpen berean plazaratuko dituzte.  Urriaren 13an eginen den Arbizuko Txistor Egunean eginen dute sari banaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun