Nafarroako Gobernu berria osatu denetik, lau dira goi karguak hartu dituzten eskualdeko herritarrak.
Izaskun Abril Olaetxea, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia
1970ean Beran sortua, aitzineko legealdian Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren kabineteko burua izan da eta orain, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi izendatu dute. Aitzinetik, 1998 bukaeran hasi eta 2015eko abuztuan kabineteko buruaren kargua hartu zuen arte, Cederna Garalurren Toki Garapeneko eragile gisa aritu zen Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi eskualdean. Ibilbide profesionala, hala ere, Eusko Ikaskuntzan hasi zuen1998an eta Colegio de Navarra Fundazioa abian jartzen lagundu zuen.
Ikasketaz, Geografia eta Historian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1993), Geografia espezialitatean, eta Paisaia eta Lurraldeari buruzko graduondoko ikasketak egin zituen unibertsitate berean (1995). 1996an, Gaitasun Pedagogikoaren Ziurtagiria lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta 1995etik 1996ra bitartean, Ingurumen Zuzenbideari eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketari buruzko ikastaroak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren Fundazio Nagusiko Enpresen Administrazioari buruzko Graduondoko Ikasketa Zentroan (CEPADE). Geroztik, Toki Zuzenbidea, Proiektuen Maneiua eta Taldeen Kudeaketari buruzko prestakuntza osagarria hartu du.
Begoña Urrutia Juanikotena, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia
1962an jaio zen Amaiurren eta 1986az geroztik Nafarroako Gobernuan egiten du lan. Lan-bizitza gehiena Toki Administrazioko Departamentuari lotuta darama eta hainbat kargu izan ditu horren barne. TAP arlo ekonomikoan aritua da, eta bi aldiz Aurrekontuaren eta Kontabilitatearen Kudeaketako eta Tokiko Estatistika Arloko burua, 1991tik 1995era eta 1996tik 2007ra. 1995 eta 1996 urteetan Ekonomia Koordinazio Zerbitzuaren zuzendari izan zen eta 2007tik 2015era Departamentu horren Kudeaketaren eta Ekonomia Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria. 2015eko abuztutik Aurrekontuaren zuzendari nagusia da. Bere ibilbide profesionalean trebakuntza ikastaroak eman ditu INAPen eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan, eta Thomson Reuters argitaletxearekin lankidetzan aritu da.
Bere ikasketei dagokienez, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (1985) eta Arlo Publikorako Zuzendaritza eta Kudeaketaren Masterra du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2010).
Martin Zabalza Arregi, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia
1962an Almandozen sortua da eta Herritarrekiko Harremanetako Departamenduaren Bake, Bizikidetasun eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusi izendatu berri dute. Nafarroako UGT-ren Erakunde Idazkari, Espainiako Batzorde Konfederalaren kide eta Francisco Largo Caballero Fundazioaren kolaboratzaile izan zen. Juan José Gorricho Fundazioaren zuzendaria eta Iruñeko Elkarte Sozialistaren presidente ere bai.
Gobernuko Ordezkaritzaren Kabinete Teknikoaren buru ere izan zen Barne Arazoetako Ministerioaren eta Terrorismoaren Biktimen Arreta Bulegoaren arteko lotura moduan. GOGOAN erakundearen kide ere bada. Foru Parlamentuaren Oroimen Historikoaren Koordinaziorako Batzorde Teknikoaren ordezkari eta PSN-PSOE-ren Oroimen Demokratikoaren Bulegoaren zuzendaria izan da. AFFNA 36 erakundearen kidea da. Nazioarteko Solidaritatea GKE gobernuz kanpoko erakundearen Lurraldeko Zuzendari eta Garapenerako Kooperazioaren Nafarroako Batzordearen kide izan da.
Izaskun Goñi Razkin, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia
1972an Iruñean sortua, Sunbillan bizi da gaur egun Izaskun Goñi Razkin. Bere ibilbide profesionala, hala ere, enpresa pribatuan hasi zuen, higiezinen sektorean eta gerora, industria grafikoan aritu zen. 2007 eta 2015 bitartean, berriz, Bertizko Partzuergo Turistikoan kudeatzaile lanetan aritu zen eta 2015eko uztailean Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikoko presidenteordearen kabineteburu izendatu zuten eta 2015eko abenduan Politika Ekonomiko, Enpresa eta Lan zuzendari nagusi. Azken legealdian, CEIN-eko lehendakaria izan da, bertzeak bertze, SODENA eta Nasunvisa bezalako enpresen publikoen kontseilari eta Euroeskualdeko batzorde betearazlearen kidea, Europa mailarako bertze ordezkaritza batzuen artean.
Ikasketaz, ekonomian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Eskualdeko Garapen Ekonomikoa espezializazioan (1998) eta mugaz haraindiko Enpresa-Eskubideko masterra eginen du Pau-ko Unibertsitatean (Frantzia, 2014). Bere curriculuma enpresa-kudeaketa, lurralde-lankidetza eta Europako gaiekin erlazionatutako ikastaroekin osatu du.