Ederbidea Bizikleta Logistika Zentro berriak ateak irekiko ditu datorren udazkenean Latasan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 13a, 20:00
Latasako tren geltokiko biltegi zaharrean egokitu dute logistika zentroa.

Plazaola eta Bidasoko Bide Berdeen arteko lotura gune nagusia izanen da

Imotz haraneko herriko tren geltokiko biltegi zaharra Plazaolako eta Bidasoako bide berdeen arteko lotura gune nagusia bihurtuko da, eta Eurovelo 1 Europako bidegorriaren mugarri garrantzitsu bat izanen da.

Latasako tren geltokiko biltegi zaharra Bizikleta Logistika Zentro gisa egokitzeko lanak aurkeztu dituzte abuztuaren 10ean. Lan hauek mugikortasun iraunkorrari eta zikloturismoari buruzko Ederbidea (Interreg POCTEFA) mugaz gaindiko proiektuaren barruan daude. Bere helburua Plazaolako bide berdearen txirrindularitzarako potentzial handia garatzen lagunaraztea da. Instalazioak moldatzeko 131.674,24 euroko inbertsioa egin da, eta datorren irailaren amaieran egon daitezen zerbitzuan espero da. Instalazioek txirrindulariei eta kirolariei zuzendutako zerbitzuak eskaintzea eta inguruko bizitza soziala eta kulturala bultzatzea helburu dute​​​​​​​. 

Ederbidea egitasmoaren baitan, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Doneztebe eta Irurtzun arteko lotura egokitu nahi du bizikletendako eta Latasa izanen da, hortaz, Plazaola eta Bidasoko Bide Berdeen arteko lotura. Mugarri garrantzitsua izanen da Noruegako Ipar lurmuturra eta Portugalgo San Vicente lurmuturrak lotzen dituen Eurovelo 1 ibilbidearen penintsulako sarbidean. Denera 9.100 kilometroko ibilbidea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun