Abeltzaintza industrialen aurka Ekologistak Martxanek abiatutako kanpainarekin bat egin dute Baztango Hazitik Hoziek eta LeitzEko kontsumo taldeak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 23a, 16:00

'Ez ezazu planetan jan' lelopean aurten bederatzigarren urtez, Ekologistak Martxan-ek ekomartxa antolatu du eta aurtengo ardatz nagusietako bat abeltzaintza industrialean oinarritzen den elikagaien ekoizpen eredua zalantzan jartzea izan da.

Nafarroako Ekologistak Martxanek, Hazitik Hoziek, LeitzEko kontsumo taldeak, Jateko kontsumo ekologiko taldeak eta Lantxurda taldeek prentsara bidali duten oharrean jakinarazi dute «kolektibo ekologista abeltzaintza eredu horrek ingurumenean, sozio-ekonomian, osasun publikoan eta animalien ongizatean dituen eraginak salatuz 2019an egiten ari den kanpaina konfederalarekin» bat egin dutela.

«Nafarroan ere azken 20-30 urteotan interes ekonomiko jakin batzuei lotutako nekazaritza politika bultzatu da»

Oharrean, «Katalunia eta Aragoin bezala, Nafarroan ere azken 20-30 urteotan interes ekonomiko jakin batzuei lotutako nekazaritza politika bultzatu» dela salatu dute, «eta horrek lurrarekin harremana eta gertuko eta kalitateko produktua oinarri zuen eredu tradizionalean aldaketak» eragin dituela.

«Haragi, esne edo arrautza ekoizpen maximoa ahalik eta denbora laburrenean bilatzen duen abentzaintza eredua bultzatu» izana kritikatu dute eta «horretarako ekoizpen teknika intentsiboak» erabiltzen dituztela: «animaliak espazio ttikitan preso edukiz eta horien elikadura kanpotik ekarritako lehengaietan oinarrituz». Horrek «negutegi efektua eragiten duten gasak» sortzeaz gain, «antibiotikoak eta bestelako medikamentuak modu masiboan erabiltzea» dakarrela adierazi dute: «gizakion osasunean ondorio negatiboak ditu eta ez du animalien ongizatea bermatzen». Are gehiago, «merkatu internazionaletan funtzionatzen duen eredua izanik ez du jarduten duen lurraldeko ekonomia lokalean eraginik, enplegu oso prekarioa sortzen du».

«Ekoizle ttikiak desagertzen ari diren bitartean, Caparrosokoa bezalako makrogranjak eraikitzen ari dira»

«Abeltzain ttikientzako mehatxu»

Abeltzaintza eredu hori «abeltzain ttiki eta abeltzaintza estetsiboarentzako mehatxua» dela azaldu dute, «eta ondorioz, baita Nafarroako herrietan biziraun nahi duen jendearentzat ere». Ekoizle ttikiak desagertzen ari diren bitartean, «lurraldearen hegoaldean Caparrosokoa bezalako makrogranjak eraikitzen» ari direla salatu dute, «5.531 behirekin, eta dagoeneko ingurumen arauak ez betetzeagatik hamaika isun prozesu irekita dituena». Caparrosokoaz gain, ordea, «mila behi inguru dituzten bost ustiategi gehiago» daudela ere gaineratu dute oharrean.

Foru Dekretua aski ez

Aurten, Nafarroan, abeltzaintza ustiapenetarako baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoa eta ordenazio zooteknikoa arautzen duen Foru Dekretua onartu dute. Oharra sinatu dutenen hitzetan, ordea, dekretu horretan «ustiapen bakoitzerako ezarri diren abere buru kopuru maximoak ikaragarri altuak dira eta intentsifikazioa ez da murriztu». Hala, «sektore guztietan ustiapenak handitzen» ari direla azpimarratu dute, «legeak hala baimentzen duelako».

Horregatik guztiagatik uste dute «elikagien ekoizpen industriala sustatzen duen eredua ez dela ekologikoki bideragarria, ezta sozioekonomikoki bedezkoa ere, nahiz eta lokala izan». Bide batez, bi eskaera luzatu dituzte: batetik, kontsumitzaileei «abeltzaintza mota horretatik datozen produktuak ez kontsumitzeko» eskatu diete, hau da, «egunerokoan eredu jasangarriagoetatik datozen produktuak erabiltzeko»; bertzetik, administrazioari «eskala handiko abeltzaintza industriala diru publikoarekin gehiago ez finantzatzeko» galdegin diote: «eskala ttikiko abeltzaintza indartu eta bultzatu dezala».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun