Haizea Ziluaga eta Fernando Arburua 11/13 auzian epaituko dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 17a, 10:00

Euskal presoen eskubideen defentsan lan egiten duten 47 euskal herritar epaituko dituzte irailean hasiko den auzian

47 horien artean daude Haizea Ziluaga Larreategi abokatu aranztarra eta presoei osasun arreta eskaintzen dien Jaiki Hadi elkarteko Fernando Arburua Iparragirre zugarramurdiarra. Bientzat hamaika urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak.

Talde terroristan parte hartzea leporatuta, 47 euskal herritar epaituko dituzte irailaren 16an Espainiako Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketan. Hainbat arlotako herritarrak dira 11/13 auzian epaituko dituztenak: osasun arloko profesionalak, abokatuak, euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren taldeetan dabiltzanak... Eta horien artean, Haizea Ziluaga Larreategi aranztarra eta Fernando Arburua Iparragirre zugarramurdiarra.

Arburua osasun asistentzia ematen dien Jaiki Hadi elkarteko kidea da eta fiskalak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du beretzat. Ziluaga, berriz, abokatua da lanbidez, gaur egun, euskal preso politikoen defentsan aritzeaz gain, errefuxiatuen abokatu lanetan ari dena. Hain zuzen, presoen defentsan aritzeagatik inputatu dute eta fiskalak 11 urteko espetxe-zigorra eskatu du beretzat ere.

Epaiketaren aitzinean, hainbat mobilizazio egitekoak dira. Irailaren 14an, adibidez, manifestazioa deitu dute Bilbon. Irailaren 7an, berriz, epaiketa salatu eta Ziluagari elkartasuna adierazteko eguna izanen dute Arantzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun