Sanferminetako hondarreko asteburuan ere herri kirol txapelak banatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 15a, 18:00

Josetxo Urrutia leitzarra gogor lanean orga-eramate txapelketan. Bigarren izan zen Xabier Urrutia arraioztarraren gibeletik. Argazkia: Diario Noticia

Xabier Urrutia arraioztarrak Nafarroako orga-eramate txapelketa irabazi du eta Beti Gazte nagusitu da lauko sokatira mistoan

 

Joan den astean Nafarroako hainbat txapel banatu ziren Iruñeko sanferminetan. Eguerditan Foru Plazan jokatutako jaialditan. Asteburuan ere jokatu dira hainbat saio eta zenbaitetan, eskualdeko kirolariak nagusitu dira.

Uztailaren 12an, ortziralean, 4x4 sokatira lehiaketa mistoan Beti Gazteko neska-mutilak nagusitu ziren, Berriozar, Txantrea eta Antsoainen aitzinetik. Emakumezkoen aizkora erakustaldian, Irati Astondoak eta Leire Astiazaranek irabazi zuten (11.15), Iturengo Maika Ariztegi eta Aresoko Itxaso Onsaloren (13.03) aitzinetik.

Uztailaren 13an, larunbatean, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatu zen eta Irurtzungo Jon Irañeta nagusitu zen. Denera, 5.337,5 kilo altxatu zituen. Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen (4.537,5 kilo), hirugarren Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra (4.350 kilo) eta laugarren Iruñeko Albaro Zugarrondo (3.637,5 kiklo).

Uztailaren 14an, igandean, azkenik, Nafarroako binakako aizkora txapelketa eta gurdi-eramate txapelketak jokatu zituzten. Aizkoran, sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako mozten bizkorrenak Iker Vicente eta Juan Jose Lopez izan ziren (26.05). Bigarren izan ziren Leitzako Ruben Saralegi eta Zigako Joxean Etxeberria (28.12) eta hirugarren, Leitzako Jon Rekondo eta Oier Kañamares IV.a (28.47).

Gurdi-eramate txapelketan, Arraiozko Xabier Urrutia nagusitu zen, 3 itzuli eta 3,25 metro egin ondotik. Leitzako Josetxo Urrutia bigarren izan zen (bi itzuli eta metro bat) eta ondotik sailkatu ziren Berriozarko Josetxo Aguas eta Iruñeko Alex Fernandez eta Jose Manuel Pascual.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun