EuskarAbentura

Espedizioko lehendabiziko atseden eguna izan dute

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 12a, 11:00

Espedizioko lehen atseden eguna izan zuten atzo EuskarAbenturan dabiltzan jzioquitarrek. Oinez kilometrorik egin ez bazuten ere, ez zen egun motela izan. Goizean goiz utzi zuten Vianan lotarako leku gisa izan zuten frontoia, eta autobusez joan ziren Donemiliaga Kukulara. Bertako Yuso monastegia bisitatzeak EuskarAbenturaren leloa eta jzioquitarren beraien izenaren zentzua eta zergatia ulertzeko balio izan zien.

Monastegi horretan daude gordeta euskarazko esaldi idatzi zaharrenak jasotzen dituen eskuizkribuaren erreplika. Esaldiok glosak dira (Donemiliagako Glosak), Aemilianensis 60 latinezko kodexaren bazterretan X. mendearen bukaeran edo XI. mendearen hasieran euskaraz eskuz idatzitako oharrak dira: “Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu”.

Yusotik aterata, berriz ere autobusez, Araba aldera egin zuten, Gesaltzara. Gatzagak bisitatu ostean, herriko igerilekuan eman dituzte arratsaldeko azken orduak eta, eguna borobiltzeko, iluntzean, bertako belardian etzanda, gora begira, astronomia tailerra egin zuten. Hamaika izarreko hotelean egin zuten lo.

Gaur Gesaltzatik Argantzunera joanen dira, 18 kilometro eginen dituzte oinez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun