Labritek 2019ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Txapelketako finalak jasoko ditu larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 12a, 14:00
Iera Agirre eta Oihana Orbegozo, finalerdietako atsedenaldi batean. Larunbatean finala jokatuko dute Labriten.

Lehen mailako finalean, Iera Agirre leitzarra eta Oihana Orbegozo, Amaia Jaka eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira

Sanferminak bere azken orduak ospatzen ari diren honetan, Labritek bestaren erdigunea izaten segitzen du eta larunbatean garaiko emakumezko pilotaririk onenei zabalduko dizkie bere ateak Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermín Txapelketa 2019ko finalak ospatuko baitira bertan. Nafarroako pilotariek protagonismo berezia izanen dute, zortzi finalistetatik sei nafarrak izanen dira eta. Horietako bat, Iera Agirre leitzarra.

ETBko kamarek jaialdia zuzenean eskainiko dute eta 11.30ean hasita, 18 urtez beheitiko finala izanen da jokatuko den lehena. Aurten txapelketa honekin Nafarroako harrobian egiten ari diren lan ona erakusleihoan jarri nahi izan dute antolatzaileek. Arrate Bergara eta Katixa Agorretak Eider Salbide eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko dute. Bi bikoteek arras finalerdi ezberdinak jokatu zituzten aurreko larunbatean Lizarran. Lehenek izugarri sufritu zuten Leire Oskoz eta Ane Mendibururi tanto bakar batez irabazteko, Salbide eta Ruiz de Larramendik, ordea, partida erosoa izan zuten Udane Bergara eta Garazi Lasaren aurka.

 

Iera Agirre lehen mailakoan

Lehen mailako finalean, Amaia Jaka izanen da atentzio guneetako bat, izan ere, lehen aldia da Sakanako aurrelariak Master Cup lehiaketa batean parte hartzen duela eta oso itxura ona eman zuen aurreko larunbatean Remontival pilotalekuan. Berme osoko atzelari bat lagun duela, Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre leitzarraren eta Oihana Orbegozo izango dituzte parean pronostiko zaileko partida batean. Bi bikoteek nagusitasunez atera zituzten aurrera euren finalerdiak eta goi mailako ikuskizuna espero da pilotaleku iruindarrean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun