Xanta Sousa lesakarra eta Daniel Saldias arraioztarra Nafarroako txapeldun suertatu dira Nafarroako txinga-eramate txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 11a, 16:00

Zigako Joxean Etxeberriak erakustaldia eskaini du aizkoran, Lopezekin batera

Iruñeko sanferminen baitan erabakitzen ari diren Nafarroako Herri kirol txapelketen barrenean, emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako txinga-eramate txapelketak jokatu dituzte uztailaren 11n. Bietan txapela eskualdera ekarri dute Xanta Sousa lesakarrak eta Daniel Saldias arraioztarrak.

Emakumeak 25 kiloko txingekin aritu dira esku banatan eta Xanta Sousa lesakarrak 30 plaza egin ditu. Iruñeko Esti Gastearenak 15 plaza eta erdi eta 6,15 metro egin ditu eta Iruñeko Virginia Finolek 10 plaza eta laurden.

Gizonezkoak 50 kiloko txingekin aritu dira. Daniel Saldias arraioztarrak ia hamar plaza egin ditu txapela janzteko, zehazki 9 plaza, hiru laurden eta 6,20 metro. Berriozarko Oskar Aguas izan da bigarren, sei plaza eta laurden eta 5,30 metro eginez eta Iruñeko Javier Jimenez hirugarren, lau plaza, hiru laurden eta 3,92 metrorekin. Jose Manuel Pascual laugarren izan da, lau plaza, laurden bat eta 2,25 metro.

Aizkora erakustaldia ere eskaini dute Zigako Joxean Etxeberriak eta Lezaungo Juan Jose Lopezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun