Maika Ariztegi eta Josetxo Urrutia ingude altxatzen eta Iñigo Goienetxe lasto altxatzen Nafarroako txapeldun

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 11a, 12:00

Maika Ariztegi lanean asteartean Iruñean. Berriz ere Nafarroako txapeldun suertatu da ingude altxatzen.

Uztailaren 9an, gizonezkoen Nafarroako lasto altxatze txapelketa eta gizonezkoen nahiz emakumezkoen ingude altxatze txapelketak jokatu zituzten Iruñean. Hiruetan eskualdeko kirolariak suertatu dira txapeldun: Iñigo Goienetxe amaiurtarra lasto altxatzen eta Maika Ariztegi iturendarra eta Josetxo Urrutia leitzarra ingude altxatzen.

Lasto altxatze txapelketan, Amaiurko Iñigo Goienetxe eta Igor Goienetxe aritu ziren, Txantreako Aitor Blancorekin batera. Iñigo Goienetxe suertatu zen txapeldun, 45 kiloko lasto fardoari bi minututan 20 altxaldi emanda. Igor Goienetxek 15 altxaldi egin zituen eta Blancok 11.

Emakumezkoen ingude txapelketan lehia estua izan zuten Maika Ariztegik eta Virginia Finolek. 9 kiloko ingudearekin aritu ziren minutu eta erdian eta biek segundoko altxaldi bat baino gehiago egin zuten. Ariztegik 95 eman zizkion eta Finolek 94 eta txapela, beraz, iturendarrarentzat. Irune Biurrunek 80 altxaldi egin zituen.

Gizonezkoen ingude altxatze txapelketan Josetxo Urrutia leitzarra nagusitu zen. Hauek 18 kiloko ingudearekin aritu ziren eta Urrutiak 87 altxaldi egin zituen; Alejandro Fernandezek 77 eta Javier Jimenezek 73.

XXI. San Fermin Motozerra Saria ere egin zuten, motozerrarekin bi irudi eginez. Juan Asin suertatu zen txapeldun, Mikel Lasarte bigarren eta Peio Kañamares hirugarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun