Eskualdeko bi alkate baino ez dira emakumezkoak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 5a, 14:30

 

 

Berria egunkariak hauteskundeen mapari genero alderdia gehituz, hegoaldeko mapa koloreztatu du. Datuak dira lekuko, eta argia da aldea: Hego Euskal herrian alkateen «%26,42 bertzerik ez dira emakumezkoak». Eskualdera lerratuz, hemeretzi herritatik bitan baino ez dira emakumezkoak: Amets Inda (Sunbilla) eta Natalia Rekarte (Donamaria). Emakumezko alkateak %10,5a dira Nafarroa ipar mendebaldean, Hegoaldeko alkateen bataz bertzekoari begira, erdia baino guttiagokoa da portzentajea.Udal taldeei orokorki erreparatuz, hau da, alkate eta zinegotziei begira, gizonezkoak gehiago izan arren, datuak aldakorrak dira. 145 udal ordezkaritatik 43 emakumezkoak dira, %29,66a alegia. Halere, Goizuetan bakarrik dira emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago (zazpitik lau). Doneztebe eta Leitzaren kasuan, aldea ez da nabaria: 9tik 4 eta 11tik 5 baitira emakumezkoak, hurrenez hurren.

Emakumezkorik ez duten udal taldeak

Eskualdean emakumezkorik ez duten udal-taldeak ere badira. Horien artean aipatzekoak dira Saldias, Beintza-Labaien eta Bertizaranakoa (eskualdeko udalen %15,78a). Azkenik, taldeko kide bat edo bi emakumezkoak diren taldeak dira nagusi (%47,36).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun