Iruñeko Sanferminetan Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa erabakiko dira

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 14:00

Iruñeko Foruen Plazan herri kirolak izanen dira protagonista Sanferminetako eguerditan. Nafarroako hainbat txapel bertan erabakiko dira.

Uztailaren 8tik 14ra, eguerditan Foru Plazan izanen dute hitzordua kirolari eta kirolzaleek

Ohikoa denez, Iruñeko Sanferminetako eguerdietan, Foruen Plazan herri kiroletako Nafarroako hainbat txapel jarriko dira jokoan. 

Uztailaren 8an, gizasemeen Nafarroako lehen mailako arpana txapelketa eta emakumezkoen arpana txapelketa jokatuko dituzte. Gizonezkoetan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, baina emakumezkoetan Aresoko Itxaso Onsalo ariko da Amasako Leire Astiazaranekin, txapelari eutsi nahirik. Patxi Larretxeak altueran arpana eta aizkora erakustaldia eginen du.

Uztailaren 9an, gizonezkoen Nafarroako lasto altxatze txapelketa eta gizonezkoen nahiz emakumezkoen ingude altxatze txapelketak jokatuko dituzte, eskualdeko parte-hartze handiarekin. Gizonezkoen ingude altxatze txapelketan Josetxo Urrutia leitzarra ariko da eta emakumezkoetan Maika Ariztegi iturendarra. Lasto altxatze txapelketan, berriz, Amaiurko Iñigo Goienetxe eta Igor Goienetxe ariko dira, Txantreako Aitor Blancorekin batera. XXI. San Fermin Motozerra txapelketa ere jokatuko dute egun horretan.

Uztailaren 10ean, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko dute. Tartean izanen dira Iruritako Marc Duch, Leitzako Julen Olano eta Berako Oier Larretxea. Bi kanaerdiko moztu beharko dituzte. Maila honetako finala abuztuaren 17an jokatuko dute Burlatan. Kadete mailako Nafarroako arpana txapelketa ere jokatuko dute eta Baztango Basaburuako Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien izanen da eskualdeko bikote bakarra. Proba konbinatu erakustaldia ere eginen dute kimu mailan eta Igantziko kirolari gaztetxoak bertan izanen dira.

Uztailaren 11n, emakumezkoen eta gizonezkoen txinga-eramate txapelketak jokatuko dituzte. Lesakako Canta Sousa eta Arraiozko Daniel Saldias ianen dira eskualdeko kirolariak. Aizkora erakustaldia ere eginen dute Zigako Joxean Etxeberriak eta Lezaungo Juan Jose Lopezek eta harrijasotze erakustaldia Aimar Irigoienek.

Uztailaren 12an, San Fermin 4x4 sokatira torneo mistoa jokatuko dute Beti Gaztek, Antsoainek, Berriozarrek eta Txantreak. Kañamares anaiek erakustaldia eginen dute (zerratokia eta aitzurrarekin egurra moztea) eta emakumezkoen aizkora erakustaldia eginen dute bikoteka: Iturengo Maika Ariztegi eta Amasako Leire Astiazaran alde batetik eta Aresoko Itxaso Onsalo eta Zeanuriko Irati Astondoa, bertzetik.

Uztailaren 13an, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko dute. Leitzako Josetxo Urrutiak, Etxalarko Xabier Ariztegi ‘Santxin’, Iruñeko Albaro Zugarrondo eta Irurtzungo Jon Irañeta ariko dira. Hiru harrirekin (125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola) bina minutuko txandak eginen dituzte. Lasto botatze eta altxatze erakustaldia ere eginen du Tubik eta motozerra erakustaldia Mikel Lasartek.

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako orga joko txapelketa eta bikotekako aizkora txapelketa jokatuko dituzte. Binakako aizkora txapelketa, Iker Vicente eta Juan Jose Lopez, Jon Rekondo leitzarra eta Oier Kañamares eta Ruben Saralegi leitzarra eta Zigako Joxean Etxeberria izanen dira bikoteak. Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko dituzte. Gurdi altxatzen Arraiozeko Xabier Urrutia eta Leitzako Josetxo Urrutia zalantza da. Harrijasotze erakustaldia ere eskainiko dute Aimar Irigoienek eta Virginia Finolek.

 

Eskualdean gehiago

Nafarroako bertze txapelketa batzuk eskualdean erabakiko dira udan. Uztailaren 25ean, emakumezkoen koxkor-biltze txapelketa jokatuko dute Elizondon (18:00) eta abuztuaren 15ean, gizonezkoena Etxalarren (18:30). Nafarroako arpana txapelketa mistoa irailaren 28an edo 29an jokatuko dute Igantzin, arratsaldez,

Nafarroako herriz herri txapelketa, aldiz, aurten ez da jokatuko, talde faltagatik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun