Itzalpeko lana ikusarazi
INTIA elkarte publikoak abian jarritako kanpaina baten parte da egitasmoa. Kalitatezko ziurtagiriren bat izan eta Reyno Gourmet zigiluaren baitan biltzen diren Nafarroako elikagaien sustapena egin nahi dute. Bertako gastronomia bultzatu nahi dute, kontsumo gehien izaten den urte sasoian eta bertakoei zein bisitariei produktu horien gibelean nortzuk dauden erakutsi. Horretarako, Nafarroako hamabi Jatorri izendapen babesturekin lotura duten argazkiak erabili dituzte: Tuterako orburuak, Nafarroako zainzuriak, Lodosako Pikilloa, Nafarroako aratxea eta arkumea, Erronkari eta Idiazabal gaztak, Artisautzako elikagaiak, Nafarroako olioa, Nafarroako patxarana, Ekoizpen ekologikoa eta Nafarroako ardoa. Jose Luis Larrion argazkilari iruindarra arduratu da ekoizleei euren lantokian argazkiak ateratzeaz, bertatik bertara, euren produktua eta ingurunea erakutsiz.
Beraz, uztailaren 15era bitarte, autobusek Nafarroako bereizgarri diren produktuak eta ekoizleak eramanen dituzte soinean. Bertakoa, sasoikoa eta kalitatekoa besta giroan ere erakutsiz.