Bukatu dituzte 'Akelarre' filmaren grabaketak

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 28a, 07:30

Zazpi astez aritu dira grabaketak egiten, tartean, Lesakan eta Saran

Maiatzaren 6an Bizkaian hasi ziren Pablo Aguero argentinarraren Akelarre filma grabatzen eta asteburuan bukatu dituzte filmatze-lanak, Zarautzen. Iragarri dutenez, 2020an estreinatu nahi dute.

Zazpi astez Euskal Herriko hainbat tokitan egin dituzte Akelarre filmaren grabatze-lanak: Bizkaian, Lapurdin, Nafarroan, Gipuzkoan... Eskualdean ere ibili dira; ekain hasieran, erraterako, Saran ibili ziren eta handik Lesakara jo zuten. Filmatzetik bukatuta, orain 2020an zinema-aretoetan izateko lanekin segituko dute.

Akelarre begirada feminista duen drama historikoa da, 1609an sorginkeria zela eta ez zela izandako epaiketak oinarri dituena. Honela dio sinopsiak: Eskualdeko gizonezkoak itsasora joan dira eta eta Anak inguruko bertze neskekin oihanean eginen duen besta batean parte hartuko du. Epaileak, ordea, erregeak eskualdea purifikatzeko eskatuta, atxilotu eta sorginkeria leporatuko die. Akelarreri buruz dakiten guztia kontatzeko behar den guztia egiteko prest egonen da. Alex Brendemuhl aktoreak jokatu du Pierre de Lancre epailearen rola, Rostegi epailearen paperean, eta Amaia Aberasturik Anarena. Beraiekin batera, hainbat gaztetxo agertuko dira filman 'sorginen' rola eginez, 800 hautagairen artean aukeratuak izan ziren Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra eta Yune Nogueiras.

1612an argitaratutako Aingeru txarren eta demonioen aldakortasuna izeneko liburuan oinarritu da Aguero filma egiteko. Pierre de Lancre epaileak sorginen kontrako tesia zabal azaldu zuen liburuan, haiek garbitzea «beharrezkoa» zela aldarrikatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun