Final laurdenetako joaneko partida estuak jokatu dituzte Laxoa txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 26a, 19:00

Emaitza estuak izan dira asteburu honetan eta itzulerakoan erabakiko dira finalerdietako protagonistak.

40. Laxoa Txapelketako final laurdenetako joaneko partidak jokatu dira asteburu honetan. Irurita Miguelenek lortu du garaipenik garbiena, baina bertze hiru norgehiagokatan emaitza estuak izan dira eta ez dago garbi zein sailkatuko den finalerdietarako.

Emaitzarik garbiena Irurita Miguelenek lortu zuen Doneztebe Aviari 3-9 irabazi ondotik Bear Zanan eta sailkapena hagitz gertu dute.

Aunitzez estuago joan ziren Doneztebe Mikelo – Irurita Olari eta Doneztebe Apezteguia-Oitz Kokotxea taldeen arteko norgehiagokak. Bietan doneztebarrek 9-8  irabazi zuten, Mikeloren kasuan partidari sekulako buelta eman ondotik. Halere kanpotarrek emaitza onak lortu dituzte eta  beraien plazetan sailkapena erdiesten saiatuko dira. Nabarmentzekoa da Bear Zana plazara zale aunitz hurbildu zirela eta giroa bikaina bizi izan zutela.

Joan den urteko txapelduna, Doneztebe The Moment, larri ibili zen Arraiozen. Azkenean 9-6 galdu zuen Sagardiaren kontra, baina 8-3 galtzen joan zirela kontutan hartuta, bizirik atera zirela erran daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun