Larreak garbitzetik at kaltea eragiteko nahia

Gurutze Pikabea 2019ko eka. 30a, 10:00

Negu honetako oihaneko suteen aurkako kanpaina «txarra» eta «beltza» izan dela adierazi dute Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek. Eskualdean 1.220 Hektarea erre dira.

Datu adierazgarriak utzi ditu oihaneko suteen aurkako aurtengo neguko kanpainak. Eskualdean 1.220 hektarea erre dira eta gehienak kontrolik gabeko suak izan dira. Hortaz, herritarrak sentsibilizatzeko beharra nabarmendu dute Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen parketik

«Txarra» eta «beltza». Horiexek izan da Jabier Ayarra Ullate Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen parkeko sarjentuak negu honetako oihaneko suteen  aurkako kanpainaren inguruan erabili dituen hitzak. Datu adierazgarriak utzi ditu kanpainak eta balorazioa ez da ona; urtarriletik apirilera Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek 172 irteera egin behar izan zituzten oihaneko suteak itzaltzeko, joan den urteko kanpainan baino 109 gehiago. Are gehiago, Nafarroa osoan oihaneko suteetara irteera gehien egin behar izan zuen parkea izan zen Oronoz-Mugairikoa. Ez hori bakarrik. «Gehienak kontrolik gabeko suak» izan ziren, eta eskualdean guztira 1.220 hektarea erre ziren: 263 Ha zuhaizti, 628,5 Ha sasi (batez ere otea) eta 327,6 Ha belarki.

«Euririk gabeko egun aunitzen ondotik ez-ohiko jokaera du suak»

«Suarekin kalte egiteko intentzio sumatu dugu»

«Suak laguntza jasotzearekin lotura du»

J. Ayarra I suhiltzaileen sarjentua

Datuak «ikaragarriak» direla dio Ayarrak, «aitzineko urteekin alderatuz, aunitzez okerragoak». Kanpaina nolakoa izan den ikusita herritarrak «sentsibilizatzeko beharra» nabarmendu du Oronoz-Mugairiko suhiltzaileen arduradunak: «jendea ez da konturatzen sua kontrolatua izateak duen garrantziaz». Eta garbi mintzatu da horrek izan ditzakeen ondorioez. Kontuan hartzeko lau mezu argi ere luzatu nahi izan ditu aurtengo kanpainaz: alde batetik, sua pizten dutenen helburu bikoitza nabarmendu du eta bertzetik, kalte edo min egiteko nahia nabaritu du. Suhiltzaileen gaitasunetik kanpo zeuden suak izan direla eta suhiltzaileak arrisku egoeretan ibili direla ere adierazi du.

 

Larreak garbitzetik haratago

Urte aunitzetan la-rreak garbitu eta bizibe-rritzeko bitartekoa izan da sua. Halaxe baieztatu digu Ayarrak: «Baztan-Bidasoaldeko jendeak urte aunitz daramatza larreak erretzen». Aldi honetan, ordea, hortik haratago bertzelako helburua sumatu dute: «piztu diren suek Europako Nekazaritza Politika Bateratutik (NPB-PAC) dirulaguntza jasotzearekin lotura dutela ikusi dugu». Oroitarazi duenez, «aitzinetik erreketak egiteko baimena eskatu eta baldintzak betetzen ez badituzte ezin da erre». Bere hitzetan, «beti» izan omen dira «Nafarroako Gobernuak oihaneko suteetarako zabaltzen duen sistemarekin bat egiten ez dutenak. Halere, norbaiten partzela erretzen bada, izan sute bategatik edo izan erreketa bategatik, berdin kobratzen du dirulaguntza eta zenbaitzuk sua egiterakoan interes hori izan dutela uste dugu».

Hortik aparte, «min edo kalte egiteko intentzioa» ere sumatu dute: «bazkalekuak ez diren eremuak erre dira, oihaneko eremuak, landaketak...». Adibide bat ematearren, Goizuetako kasua aipatu du suhiltzaileak. Entzutetsua eta aurtengo handiena izan zen Goizuetakoa, otsailaren 27ko eta martxoaren 5eko suteetan 200 hektarea inguru erre zirelako. Itxura guztien arabera, nahita piztutakoak izan ziren eta tartean, «Nafarroako Gobernuaren landaketa bat erre zen».

 

Suhiltzaileen ahalmenetik kanpo

Sua ematen duenaren helburua edozein dela ere, aurtengoak «suhiltzaileon ahalmenetik kanpo zeuden suak» izan direla azaldu digu Ayarrak, «ohi baino su indartsuagoak». Hala, «ohiko bitartekoak ez dira aski izan». «Guk, normalki, sua ez dugu urarekin itzaltzen, mendiak urruti daudelako eta ez dagoelako ibilgailuak bertara eramateko aukerarik. Eta haize zakarra baldin bada aire bidezko bitartekorik ere ezin da sartu». Hala, «prezipitazioarekin, orientazio edo erregai aldaketarekin eta sua itzaltzeko ditugun erreminta eta langileriarekin moldatu izan gara sua geldiarazteko. Aurten, ordea, ezinezkoa izan da». Horren gibeletik «hainbat arrazoi» daudela aipatu digu, hala nola, «muga meteorologikoak, erregaiaren egoera eta aldi berean su aunitz izatea».

 

Dena arriskuan

Eguraldiak ez du sobera lagundu kanpaina honetan: hezetasun guttiko eta haize zakarreko egunak izan dira. Zehazki errateko, «prezipitaziorik gabeko hogei egun izan dira, egun gehienetan hego haizea izan dugu etengabe eta neguan ohikoak ez diren tenperatura altuak izan ditugu, 28 gradu artekoak». Halako eguraldiarekin, «suak ez du berdin jokatzen», azaldu du suhiltzaileen arduradunak.

Eguraldia ez da kontuan hartu beharreko faktore bakarra izan; suaren jokaera aztertzerakoan, erregai bakoitzaren egoera ere aintzat hartu behar baita. «Gure inguruan, neguan, hirutik bortz edo zazpi egun artean egin ohi du eguraldi ona, eta egun horietan erregaiak hezetasuna galtzen badu ere, berehala euria egiten duenez, erregaia berriz hidratatua gelditzen da». Erregai bakoitzak, bere lodieraren arabera, «hezetasuna galdu edo irabazteko bere denbora» izaten duela azaldu digu suhiltzaileak, eta «behar adinako hezetasuna baldin badu ezin duela su hartu erran nahi du». 

«Batek sua pizteak eskualde osoari eragiten dio»

«Aurten jendeak edozein ordutan piztu du sua»

j. ayarra I suhiltzaileen sarjentua

Aurtengo kanpainan, ordea, «klase guztietako erregaiek erretzeko arriskua izan dute», normalki arriskurik ez dutenak ere bai: «horregatik gaztainondoak erretzen ikusi ditugu». Egun batzuez euria egin badu ere, «ez da hidratatzeko nahikoa izan eta erretzeko arriskuak hor jarraitu du». Baita haizerik gabeko egunetan ere: «normalki erreketak daudenean, haize handirik ez badago, jendeak ez kezkatzeko erraten digu. Baina erregaiaren egoera zein den ez dute kontuan hartzen. Aurten, suak ohi bezala jokatuko zuela espero zuen jendeak eta ez da Hala izan».

Suhiltzaileak 2015eko abenduan konturatu ziren horretaz. «Arantza, Igantzi eta Lekarozko sute handi eta garrantzitsuen ondotik, prezipitaziorik gabeko hainbertze egun pasatzen direnean, suak ez duela ohiko jarrera izaten ikasi genuen». Hortaz, «jendeak pagadi batera ailegatu eta sua geldituko dela pentsatzen badu ere, ez da beti horrela. Euririk gabeko egun aunitzen ondotik, haizerik ez izanda ere, erregaia hidratatua ez badago, suak ez du berdin jokatzen».

 

Sute aunitz aldi berean

Horri guztiari, aldi berean izan duten lan-zama gehitu behar zaio. «Hamabi suteko egunak izan dira eta ez dugu horiek aldi berean artatzeko gaitasunik», dio suhiltzaileen parkeko arduradunak. «Sute bat itzaltzen ari ginen bitartean, bertzeak handitu egiten ziren. Su aunitz izan ditugu aldi berean eta gainera, ohi baino su handiagoak». Are gehiago, «gisa horretara bertze ezbeharren bat gertatzen baldin bada, zerbitzurik gabe gelditzen dira eskualdeko herritarrak».

 

Suhiltzaileak arriskuan

Orain artekoarekin aski ez eta «bertze baso-kanpainetan ez bezala, suhiltzaileak arrisku egoeretan» ibili direla kontatu digu suhiltzaileen sarjentuak. Goizuetan edo Lekarozen izandako suteetan, adibidez, «suhiltzaileak harrapatuta gelditu ziren».

Negu honetako suteen bertze ezaugarri bat ere aipatu digu: «neguko suteek udakoen jarrera izan dute, baina ez dugu udan bezalako ahalmenik». Udan eta neguan baliabide aldetik ez dira berdin ibiltzen. «Udan, su batean 60-70 lagun elkartu gaitezke eta neguan, kontent egon gaitezke 25 lagun elkartzen bagara. Eremu handietan izan dira suak, udan bezala hezetasun guttirekin eta tenperatura altuarekin, eta baliabiderik gabe, arriskua gure gain hartu dugu». Horren harira, neguko kanpainarako Oronoz-Mugairiko parkera bidalitako 24 langileak ez direla aski gaineratu du Ayarrak. «Babes handiagoa» behar dutela dio, «Nafarroan gero eta neguko su gehiago eta udako guttiago izaten direlako eta negukoak gero eta handiagoak direlako; gainera, udako baldintza meteorologikoak dituzten suak dira».

1.220 Hektarea erre dira aurtengo neguko kanpainan eta iaz baino 109 irteera gehiago egin dituzte baso-suteetara

 

 

Zigor mezua

Ondorio aunitz ateratzeko bide eman du aurtengo kanpainak. Horren barne, «parkean zigor bezalako mezua»hartu dutela ere adierazi digu Ayarrak, «ez ditugulako erreketak egiteko eskaera guztiak artatu». Horren harira, «erreketan egin daitezkeen egunetan suteak izan daitezkeela» kontuan hartu behar dela oroitarazi du: «suteak baldin badaude ezin dugu erreketetara joan. Aldi honetan, badirudi jendeak 'guk su emanen diogu eta etorriko zarete itzaltzera' bezalako mezuak helarazi dizkigula». Gehiago ere bai. «Normalki gaueko suteak izaten ditugu. Baina aurten, eguneko suteak ere izan dira. Jendea ez da gordeka ibili eta edozein ordutan piztu du sua. Gauez, goizaldeko lauretan, seietan, zazpietan, goizez autobusak ikastetxetara joan diren orduetan... Eskaera guztiak ezin izan ditugu artatu eta jendeari pazientzia agortu zaio».

 

Parkea hutsik uztearen ondorioak

Arazoa, ordea, ez da hori bakarrik eta herritarrak hortaz jabetzea nahi du Oronoz-Mugairiko parkeko arduradunak. Suhiltzaileak suteak itzaltzera joatean, bertze zerbitzu batzuk artatu gabe uzten dituzte. «Kontrolik gabeko suak artatzen ari garen bitartean, suhiltzaileen parkea hutsik gelditzen da eta ezin dugu trafiko istripu batera joan, ezta etxebizitza bateko sute batera joan ere, edo tuneletan ibilgailu batek izan duen sute bat artatu ezinik gelditzen gara». Suhiltzaileek ere «sua lurra kudeatzeko eta inguruak larrak ez hartzeko erreminta ona» dela pentsatzen dutela azpimarratu du, baita «herritarrei laguntzeko prest» daudela ere. Baina argi du zein den bidea: «kontrolatutako suak izan behar dute, batek sua pizteak eskualde guztiari eragiten baitio». Eta ondorioak larriak izan daitezke.

Erlazionatuak

2019ko suteak iruditan

Ttipi-Ttapa 2019 eka 30 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun