Emakumezkoen Euskal Herriko aizkora txapelketa jokatuko dute ekainaren 30ean Mungian

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 27a, 12:00

Joan den urtean jokatu zen lehen aldiz emakumezkoen aizkora txapelketa Usurbilen. Nerea Sorondo izan zen txapeldun eta Maika Ariztegi bigarren-

Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra izanen dira eskualdeko ordezkariak 

Emakumezkoen Euskal Herriko harri-jasotze eta aizkora txapelketak jokatuko dituzte ekainaren 30ean Mungian (Bizkaia). Igandean 12:30ean hasiko da jaialdia txosna inguruan. Harri-jasotzen ez da eskualdeko kirolaririk ariko, baina aizkoran, Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra, gaur egungo txapelduna, ariko dira, Irati Astondoa bizkaitarrarekin batera.

36 ontzako bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta 54 ontzako enbor bat bizkorrago mozten duenak jantziko du txapela. Joan den urtean egin zen lehen aldiz emakumezkoen txapelketa eta Nerea Sorondo suertatu zen txapeldun.

Harri-jasotze txapelketan Julia Martinez eta Karmele Gisasolaren arteko lehia izanen da. 87,5 kiloko harri zilindrikoarekin, 75 kiloko kubikoarekin eta 62,5 kiloko bolarekin ariko dira.

Atsedenaldietan, Virginia Fiñoll nafarrak erakustaldiak eskainiko ditu txinga eramaten eta ingudearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun