Nafarroako Gobernuak larrialdietako deiak geolokalizatzen dituen My112 doako aplikazioa mugikorrean deskargatzea gomendatu die herritarrei

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 23a, 13:00
Aplikazioaren erabilpena hedatuz gero, azkartasun eta arrakasta handiagoa lortzen ahalko da SOS Nafarroa 112 larrialdiak koordinatzeko zentrotik bideratzen den arreta integralean.

Aplikazioa erabiltzeak erantzun azkarragoa bermatzen du SOS Nafarroa 112 zerbitzuak larrialdi guztiei emandako arretan

Aste honetatik aitzinera SOS Nafarroa Koordinazio Zentroarekin konektatuta dagoen My112 doako aplikazioa aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako jarduneko kontseilari Mª José Beaumontek. Gailu mugikorretarako aplikazio honek larrialdietara egindako dei guztiak geolokalizatzen ditu telefonoaren GPSaren bitartez. Inongo kosturik gabe eskuratzen ahal da Android eta iOS saltokietan, horiexek baitira Foru Komunitateko gailu mugikorretan gehien erabiltzen diren sistema eragileak.

Beaumonten adierazi duenez, «herritar guztiei gomendatzen diegu erraztasun osoz instalatu eta erabiltzen den doako aplikazio hau deskargatzea. Horren erabilpena hedatuz gero, azkartasun eta arrakasta handiagoa lortzen ahalko da SOS Nafarroa 112 larrialdiak koordinatzeko zentrotik bideratzen den arreta integralean, Nafarroako segurtasun eta larrialdietako baliabide publiko guztiak mobilizatuz (poliziak, Nafarroako Suhiltzaileak, osasun-taldeak, Ingurumeneko basozainak, helipteroak, anbulantziak...), baita Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan diharduten bestelako baliabideak ere (DYA, Gurutze Gorria, psikologoak, salbamenduko txakurrak, babes zibileko taldeak, etab)».

Barne kontseilariak «urrats garrantzitsutzat» jo du My112 doako aplikazioarekin bat egitea larrialdiak artatzeko Europa osoan erabiltzen den 112 telefonoaren bidez eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta horrekin batera gogoratu du, Nafarroaren kasuan, zenbaki horrek urtean milioi bat dei baino gehiago kudeatzen dituela.

 

Aplikazioa, doakoa eta erabilerraza

Aplikazioa deskargatu eta larrialdi-egoeran SOS Nafarroa 112 zerbitzuarekin harremanetan jartzeko erabiltzen dutenek beraien geolokalizazioa automatikoki ematen diote deia hartzen duen operadoreari (Androiden erabiltzaileek aski dute 112 zenbakia markatzea, aplikazioa ireki gabe, eta hau arras lagungarria izan daiteke adingabeen zein adinekoen kasuan). Laguntza eskatzen duenaren kokapen zehatza ezagutzea hil ala biziko izan daiteke larrialdiari garaiz erantzuteko, eta batzuetan, informazio erabilgarri bakarra da, laguntza eskatu duenak ezin badu hitz egin, desgaitasun fisikoagatik nahiz mehatxu-egoeragatik.

My112 aplikaziotik laguntza eskatu bezain laster, deia geolokalizatzeaz gain, appa-ak SOS Nafarroara argazkiak bidaltzeko aukera ematen du. Hau arras lagungarria izan daiteke larrialdietako zenbait esku-hartzetarako.

Gainera, My112 aplikazioari esker, herritarrek babes zibileko alerta-zerbitzu batean harpidetzen ahal dira. Ondorengo hilabeteetan, zerbitzu hori hedatuz joanen da, nafar herritarrei muturreko eguraldi kaskarraren edo istripu eta hondamendu handien berri emateko.

My112 aplikazioarekin lotuta daude jadanik Balear Uharteak, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Melilla autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko zentroak, eta oraindik martxan ez duten autonomia-erkidegoetan eta Europako gainerako herrialdeetan, 112 zerbitzuarekin automatikoki konektatzeko aukera ematen du. Kontinente zaharretik kanpo ere, dagozkien larrialdi-zerbitzuekin harremanetan jartzea ahalbidetzen du, herrialde bakoitzeko zenbaki espezifikoa ezagutu beharrik gabe.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun