Ikasturtea bukatzeko egunpasa ederra egin dute eskualdeko Solaslagunek

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 22a, 13:00
Solaslagunek giro ederrean bazkaldu zuten Etxalarko Herriko Ostatuan.

Lesakan mendi itzulia egin ondotik Etxalarren bazkaldu zuten hamasei lagunek joan den igandean

Joan den igandean, ikasturteari behar bezalako akabaila emateko, Solaslagunek egunpasa ederra egin zuten, Hondarribiko Mintzalagunekin batera. Denetara, hamasei lagun elkartu ziren.

Igandean 11:00etan Lesakan egina zuten hitzordua. Handik, kotxeak antolatu eta Agiñara igo ziren. Handik abiatu eta paseo lasaian eta gidari baten laguntzaz, hainbat txoko interesgarri ezagutzeko aukera izan zuten (Aita Donostiaren omenezko eskulturak, Domikoko presa…), baita txoko horiei loturiko historia ere.

Gainera, eguraldi arrunt ona izan zutenez, bistez gozatu ahal izan zuten. Agiñako kaskotik, San Anton, Aiako Harriak eta Larhun mendia ikusi zituzten, bertzeak bertze. Mendien bertzaldean, itsasoa ere ageri zen, Hendaiatik Miarritzera bitarte.

Bisita bukatutakoan, Etxalarrera joan eta ederki bazkaldu zuten, Herriko Ostatuan. Bazkalondoan, solas eta solas ibili ziren mahaiaren bueltan, hagitz gustura. Mahaitik altxatu eta gero, ostatuko terrazan, itzalean, tragotxo bat hartzeko probextu zuten eta bertzeak herrian barna itzuli ttiki bat egin zuten, bertako Solaslagun batekin, Etxalar hobe ezagutzeko. Konturatu orduko, 19:15 aldera, elkarri adio errateko tenorea ailegatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun