Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Doneztebek eta Baztanek

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 20a, 14:00
Baztango bikoteak, Larraunen kontra jokatutako Herriarteko pilota txapelketako jardunaldian.

Labriten jokatuko dituzte: larunbatean Ultzamaren kontra ariko da Doneztebe eta igandean Iruñearen kontra Baztan

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa azken txanpan sartua da, joan den asteburuan ligaxkako azken partidak jokatu eta gero. Eskualdeko bi herritako ordezkaritzak lortu du finalerdietara sartzea: Doneztebe Ultzamaren kontra ariko da larunbatean eta Baztan Iruñaren kontra igandean. Bi jaialdiak 10:00etan hasiko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan eta irabazleek uztailaren 5eaen jokatuko dute finala leku berean.

Bi jalditan launa partida jokatuko dituzte, alebin, infantil, jubenil eta senior mailakoak. Azken hiru urteotan Iruñea eta Doneztebe izan dira aurrez aurre finalean. Iaz Iruñeak irabazi zuen, baina aitzineko biak Doneztebek.

Oraingoan ere, finalera sartzeko faborito argia da Doneztebe, itxura batean, lau kategoriatan Ultzamak baino bikote hobeak dituelako. Iruñea eta Baztanen arteko finalerdia parekatuagoa dirudi. Baztandarrak aurten bueltatu dira konpetiziora, urtetan jokatzeari uko egin ondotik. Herriko pilotariekin osatu ditu lau bikoteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun