Baztan-Errekako 40. Laxoa txapelketa final-laurdenetan sartuko da asteburu honetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko eka. 20a, 13:00

Doneztebeko lau talde, Iruritako bi eta Arraioz eta Oizkoa sailkatu dira final-laurdenetarako.

Lau partidetatik hiru Doneztebeko Bear-Zanan jokatuko dituzte eta bertzea Arraiozko plazan

Martxoaren 30ean hasi zen Baztan-Errekako 40. Laxoa txapelketa eta hasierako ligaxka joan den asteburuan bukatu zen, errekuperazioko partidak jokatuta. Hameka talde hasi ziren lehian eta horietatik zortzik lortu dute asteburu honetan hasiko diren final laurdenetarako txartela.

A multzoan, Arraioz-Zubiondoa eta Doneztebe-Titi izan dira txapelketatik kanpo gelditu diren taldeak eta B multzoan, Doneztebe Zarbonet. Bertze zortzio taldeek joan-etorriko kanporaketa bidez jokatuko dituzte final-laurdenak.

 

Final-laurdenetako joanekoak

Lehenbiziko partida ekainaren 21ean, ortziralean 18:00etan jokatuko dute Doneztebeko Bear Zana pilota-plazan Doneztebe Avia eta Irurita Miguelene taldeek. Doneztebarrak iazko txapeldun ordeak dira, baina laugarren izan dira beraien multzoan. Iruritarrek, aldiz, ligaxkako hamar partidak irabazi dituzte eta faborito dira.

Larunbatean 11:00etan, Arraiozko plazan ariko dira Arraioz Sagardia (B multzoko hirugarrena) eta iaz txapeldun suertatu zen Doneztebe The Moment (A multzoko bigarrena).

Larunbatean 16:00etan, Doneztebeko Bear Zanan ariko dira Doneztebe Mikelo (A multzoko laugarren sailkatua) eta Irurita Olari, B multzoko burua.

Igandean, azkenik, Doneztebeko Bear Zanan ariko dira Doneztebe Apezteguia (A multzoko hirugarrena) eta Oiz Kokoetxea (B multzoko bigarrena).

Joaneko partida hauen ondotik, itzulerakoak jokatuko dituzte eta, gero, finalerdiak eta finala, abuztuaren 3an Iruritako plazan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun