Ostiral iluntzetik igande iluntzera bitarte A-15 errepidea bi noranzkoetan itxita egonen da

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 14a, 07:00

Ostilarean 22:00etan itxi eta igandean 22:00etan irekiko dute.

Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera eginen da mozketa eta Iruñekoan Andoaingo Sorabillako lotunetik aurrera.

San Lorentzo-Larre tunelean estaldura sendotu eta instalazioak Europako 2004/54/CE Zuzentaraura egokitzeko eginen dituzten lanen hasiera dela eta, ekainaren 14an, ostiralean, 22:00etan A-15 errepidea itxiko dute. Bi noranzkoetan itxita egonen da eta 48 orduren buruan, hau da, ekainaren 16an, igandean, 22:00etan, irekiko dute berriz.

Gipuzkoa.eus atariak jakinarazi duenez, eusteko hesi bat instalatu eta tuneleko kontrol sistema aztertuko dute asteburuan. Nafarroatik Gipuzkoara egiten diren ibilbide luzeetarako, Altsasuraino N-1 errepidea hartzea gomendatu dute, aurretik Irurtzundik A-10 autobia hartuz (Sakanako autobia). Inguruko herrietara joateko, besteak beste, Berastegi, Elduain eta Berrobi, A-15 autobideko erabiltzaileak Berastegiko lotunean atera beharko dira, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza).

Gipuzkoatik Nafarroara doazenei N-I errepidetik joatea –Gasteizko noranzkoan Altsasuraino– eta ondotik A-10 autobidea (Sakanako autobia) Irurtzuneraino hartzea aholkatu diete. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, horren ordez GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) erabili ahal izango dute.

Igandetik aurrera, Iruñeko noranzkoa ireki ondotik, Donostiako noranzkoa lau hilabetetan egongo da itxita, hori baita lanen iraupenaren aurreikuspena. Bitartean, lanak era seguruan gauzatzeko, eta segurtasun neurri egokiekin autobidea trafikoari irekita egon dadin, trafikoa beste desbideratuko eta merkantzia arriskutsuen joan-etorrien zirkulazioa murriztuko dutela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun