Nafarroako Kultur 2019 programazioa Lesakan abiatuko da ekainaren 21ean Balerdi Balerdiren kontzertuarekin

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 20a, 20:00
Balerdi Balerdi taldeak kontzertua eskainiko du ekainaren 21ean Lesakako plazan.

Lesakan, Beran, Zugarramurdin, Elizondon eta Donamarian, musika eta dantza emanaldiak izanen dira eta Bertizen, Xabier Artolak prestatutako ‘Dantza’ filmaren irudien argazki erakusketa 

 

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatutako Kultur 2019 programaren hogeita laugarren edizioaren baitan ekainaren 21etik irailaren 7ra musika, dantza eta arteko 36 emanaldi prestatu dituzte. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 35 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Eskualdean, Lesaka, Bera, Zugarramurdi, Elizondo, Donamaria eta Bertiz ukituko ditu.

Eskualdeko programazioa

Ekainaren 21ean, ortziralean 20:30ean, Lesakako plazan joko du Balerdi Balerdi musika taldeak.

Galtzen ikasteko metodoa Balerdi Balerdi taldearen azken diskoaren izenburua da. Nafarroako talde beteranoak hamalau abesti aurkeztu ditu disko horretan eta, heriotza, ametsak, frustrazioak edo antzeko gaiak landu ditu ironiaz.

Taldeak hainbat estilo erabiltzen ditu, hala nola, pop-rocka, rock’n’roll klasikoa, pop indartsu eta lasaia eta folk-rocka.

Ekainaren 27an, ortzegunean 20:30ean, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eskainiko du Berako Herriko Etxeko Plazan.

Uztailaren 11n, ortzegunean 18:00etan Hutsun txalaparta taldeak emanaldia eskainiko du 18:00etan Zugarramurdiko lezean.

Abuztuaren 1ean, ortzegunean 20:30ean La Dinamo musika taldeak emanaldia eskainiko du Elizondoko Foruen Plazan.

Abuztuaren 22an, ortzegunean 20:00etan, Javier López Jaso-Marcelo Escrich laukoteak ‘Aporía’ emanaldia eskainiko du Domanariako Jauregian.

 

‘Dantza’ filmari buruzko argazki erakusketa Bertizen

Era berean, ‘Kameren aurrean dantzari; Dantza filmeko argazki sorta bat’ erakusketa zabalduko du Xabier Artola Zubillaga donostiarrak Bertizko jauregian uztailaren 4tik abuztuaren 25era. Egunero zabalik izanen da, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Erakusketa doakoa da, baina ordaindu egin behar da lorategi historikora sartzeko.

Telmo Esnalek zuzendutako Dantzaren filmatze saioetako argazkiekin osatu du erakusketa hau. Saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen, eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzalen artean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa.

Dantza film estetiko bat da, non dantzaren bi-dez istorio bat kontatzen den. Istorio hori herri batean gertatzen da, baserri giroko edozein he-rritan; munduko edozein lekutan gerta liteke,  gertatu ere. Istorio horrek gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen digu,  eta biziaren –eta bizirautearen– metafora ere  bada, hazia ereiten denetik fruitua jasotzen  denerainoko zikloa osatzen baita filmaren hasieratik bukaerara bitartean, sortzetik heriotzarainoko bidea; lana, amodioa eta festa ere ukitzen dituela.

Erakusketan aurkeztutako irudiotan, filmatze saioetarako prestatutako set-etan garatzen ziren koreografia eta eszena ederren berri ematen da, filmaren estetika –paisaiak, koloreak, formak, mugimendua, argia...– islatuz; argazkilariaren begitik eta ikuspuntutik betiere, jakina. Horrekin batera, eta osagarri gisa, filmaren making off-ekoak diren beste irudi sail bat ere aurkezten dut.

 

Xabier Artola Alkizan (Gipuzkoa) bizi da egun. Argazkilari  amateur autodidakta, gazte-gaztetatik datorkio argazkigintzarako zaletasuna. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko (SFG) kidea da, 1975etik; Fédération Internationale de l’Art Photographiqueko (FIAP) eta Confederación Española de Fotografíako (CEF) kide ere bada  (ACEF mailako agiridun, azken horretan). Lanbidez irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun