Bartzelonako Fundació i Treball irabazi asmorik gabeko entitateak 2013an paratu zuen martxan Transpirenaika Sozial eta Solidarioa ekimena, gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten gazteen integrazioa hobetzeko helburuarekin. Ekimenak Hondarribiko Higuer lurmuturra eta Kataluniako Cap de Creus lotzen ditu Pirinioetan barna eta 30 egunez, egoera ahulean dauden 300 bat gaztek parte hartzen duten ibilaldian, 200 profesionalen laguntzarekin. Pirinioetan barna oinez ibiltzeaz gain, hitzaldiak, foroak eta hainbat jarduera egiten dituzte. Aipatzekoa da profesional boluntario horien artean Patxi San Juan dagoela, garai batean Bortzirietan irakasle aritutakoa.
Larunbatetik astelehenera eskualdean
Aurtengo zeharkaldia ortzegun honetan Bilbon eginen duten harrera ekitaldiarekin hasiko dute eta uztailaren 13ra arte iraunen du. Asteburu honetan, hain zuzen, eskualdean barna pasako da. Larunbatean, ekainak 15, goizez Hondarribitik aterako dira eta arratsaldean Berara ailegatuko dira, 16 kilometro egin ondotik. Berako Udalak San Miguel zubian eginen die harrera. Afaria Gurutze Gorriak eskainiko die eta Kultur Etxean eginen dute lo.
Igandean, berriz, ekainak 16, Bera eta Elizondo arteko bidea eginen dute. 09:00etan abiatuko dira Beratik eta 29,6 kilometroko ibilbidea izanen dute aitzinetik. Elizondon afaldu eta San Frantzisko Jabier ikastetxean lo eginen dute.
Astelehenean, Elizondotik Urkiaga gainera joanen dira. 07:00etan abiatuta 17,6 kilometro eginen dituzte.
Bortz gaztek ibilbidea osorik
Gizarteratzeko zailtasunak izan ditzaketen gazteak dira proiektu honetan parte hartzen duten gehienak: errefuxiatuak, etorkinen seme-alabak edo bertzelako zailtasunak dituztenak. Eskualdean barna eginen diren etapetan 30 bat gaztek parte hartuko dutela aurreikusi dute antolatzaileek. Nafarroan osotara 140 bat izanen dira eta guztira 300 bat. Ibilbide osoa eginen dutenak, berriz, bortz gazte izanen dira: Herrialde Katalanetako hiru eta Iruñeko eta Bilboko bana. 30 etapatan banatuta, uztailaren 13ra bitarte 600 bat kilometro eginen dituzte.
Diruz laguntzeko aukera
Patxi San Juan boluntarioak Ttipi-Ttapari adierazi dionez, «laguntzaileei eskerrak» eman nahi dizkiete, «eurek gabe ezinezkoa izanen litzatekeelako». Nahi duten guztiek diruz laguntzeko aukera ere dute kontu zenbaki honetan: ES33 2100 1151 2302 0005 2306.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!