Solaslagunak Mintza Egunean bildu dira

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 7a, 12:00

Igandean, ekainaren 2an, solaslagunek Mintza Eguna ospatu zuten. Euskal Herriko hamaika txokotako mintzalagunekin batera Lapuebla de Labarkan, Arabar Errioxan, bildu ziren. Guztira 150 lagun inguruk bat egin zuten.

Solaslagunak 11:15 aldera ailegatu ziren eta Arabar Errioxako mintzalagunen arduradunak egin zien ongietorria. Hamaiketakoa egin ondotik, batzuek plaza izan zuten bilgune eta bertan olio- eta ardo-dastaketaz gozatu zuten, aditu baten azalpenak aditu bitartean; bertzeek, berriz, Poveda natur parkera jo zuten. Bertan paisaia zoragarriez gozatu eta hainbat azalpenen bidez ikasteko aukera izan zuten.

Goizeko ekintzen ondotik, herriko plazan bildu eta poteoan ibili ziren. Segidan mahaiaren bueltan bildu ziren, bazkaltzeko. Assa ikastolako frontoiaren itzaletan bete zuten sabela. Arratsaldean, batekin eta bertzearekin solasean, kantari... ibili ziren eta oharkabean ailegatu zitzaien oroigarri banaketa eta zozketarako tartea.

17:30etik 19:15era erromerian bildu ziren eta giro bikaina sortu zen. Segidan autobusa hartu zuten. Besta, ordea, ez zen autobusetik beheititu ziren artean akitu. Izan ere, autobusean solaslagun baten gitarrak lagun, kantuz egin zuten etxerako bidea. Solaslagunek lerro hauen bidez «antolatzaileei eskerrak» eman nahi dizkiete: «aurten ere arrunt arrakastatsua izan da!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun