Itxaso Onsalo eta Joxean Etxeberria Urrezko Aizkora Txapelketako jaialdian ariko dira

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 5a, 13:00

Ortzirale honetan, Urrezko Banakako Aizkora Txapelketa nagusia jokatuko da Azpeitian. Lehia horretan ez da eskualdeko aizkolaririk izanen, baina 23 urtez beheitikoen txapelketan Zigako Joxean Etxeberria II.ak parte hartuko du eta arpana txapelketan Itxaso Onsalo aresoarrak, Leire Astiazaran lagun duela.

Gizonezkoen Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finala ortzirale honetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko da, 22:00etan hasita. Iker Vicente (Otsagabia), Mikel Larrañaga (Azpeitia) eta Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia) ariko dira nor baino nor.

Baina ez da eguneko hitzordu bakarra izanen. Emakumeen arpana txapelketan hiru bikote ariko dira lehian eta tartean izanen da Itxaso Onsalo aresoarra, Leire Astiazaran zizurkildarrarekin bikotea osatuz. Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linazak osatuko dute bertze bikotea eta Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregik hirugarrena.

Gizonezkoen aizkora txapelketa gehiago ere jokatuko dira. Alde batetik, 23 urtez azpikoen mailan, hiru aizkolarik parte hartuko dute. Joxean Etxeberria II.a zigarrarekin batera, Julen Larrea III.a eta Oier Kañamares IV.a ariko dira. 19 urtez beheitikoetan, berriz, bertze hiru aizkolari: Hodei Ezpeleta, Xuban Kañamares V.a eta Aritz Azpiazu Arria VI.a.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun