2019ko Nafarroa Oinezen kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 31a, 12:20

‘Izan argi!’ goiburupean antolatuko du Argia Ikastolak urriaren 20an Tuteran 

Izan Argi! izango da aurten, urriaren 20an, Tuteran ospatuko den Nafarroa Oinez animatu eta ordezkatuko duen abestia. Argia Ikastolak Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, IZAN ARGI! goiburua izango duen festaren bideoklip ofiziala aurkeztu du.

Urrian, Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolaren lekukoa hartu zutenetik, hainbat jarduera aurrera eraman dituzte eta, abestiaren eta bideokliparen aurkezpenarekin, prestaketa lanetan beste mugarri bat jarri dute. Abestia eta bideoklipa Erriberako hainbat familiaren, eta Ikastolako irakasle eta ikasleen arteko elkarlanaren fruitua da, eta ikasle ohi batzuen laguntza ere nabarmentzeko modukoa izan da. Zuzendari lanetan Javi Perez, Argia Ikastolako guraso eta klarinetista profesionala ibili da.

Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, Argia Ikastola aurten antolatzen ari den egitasmoak eta jarduerak azpimarratu nahi izan ditu bere aurkezpenean, eta Erriberatik etorritakoei eman die hitza.

Bestalde, Maru Eriz, Argia Ikastolako lehendakariaren hitzetan, IZAN ARGI! Abestia gizarte osoari luzatzen zaion gonbidapena da, eta urriaren 20an Erribera ilusioz betetzea du helburua. Ezin dugu ahaztu Nafarroa Oinez hau oso garrantzitsua dela Argia Ikastolarentzat. Festa honen antolaketarekin, Argia Ikastolak egiten ari den lanari jarraipena eman nahi dio; hau da, euskararen inguruan egituratzen den eta eredu kooperatibistan oinarritzen den hezkuntza eredu eleanitza eskaintzea, hain zuzen ere. Eredu horren zutabe nagusiak dira auzolana, solidaritatea, konpromisoa, berrikuntza, autokudeaketa eta lankidetza, eta hasieratik duen bokazioa mantentzen du: zerbitzu publiko bat eskaintzea. Erizek adierazi duenez, abestiaren helburua da gizarteko talde desberdinetara iristea –abestiaren zati bat zeinuen hizkuntzara itzulita dago–. Abestiko ahots nagusietako bat eta une honetan Ziba musika taldeko abeslariaren hitzetan, zeinatzearena ez da soilik erabaki zeinuen hizkuntza erabiltzen duten pertsonei begira, baizik eta «pertsona guztiei begira egin da, gizarte inklusibo baten beharraz kontzientziarazteko».

Javi Perez abestiaren konpositoreak azaldu digunez, Argia Ikastolako kooperatibista eta bi ikasleren guraso izanik, Nafarroa Oinezi egin nahi izan dion ekarpena da konposatu duen abestia. Musikariak Erriberako biztanleen nortasuna islatu nahi izan du, «pertsona zintzoak eta alaiak, ondo pasatzea gustuko dutenak, eta umore onekoak», eta horretarako eskualdeko musikari askoz eta ezberdinez inguratu da, modernoa eta gaur egungoa den ukitu bat emanez.

Ione Blanzako, Erriberako Ikastolako ikasle ohia eta Timbakada musika taldeko musikariak azaldu duenez, abestiaren letra egiterakoan «naturako kontzeptuak (sustraiak, argia, koloreak, loratzea, distira, indarra…) erabili eta Argia Ikastolaren esanahiarekin nahastu ditut (…). Ikastola altxor bat da, eta bertan ikasi dugu gogor lan eginez, eskutik helduta, urratsez urrats, esfortzuarekin, elkarlanean eta elkarri lagunduz ametsak bete daitezkeela». Eta esan digu horrekin guztiarekin sortu duen abestia jendea Erriberara gerturatzeko gonbidapen bat dela.

Saioa Crespo Nafarroa Oinezeko abeslaria izan zen Tuteran ospatutako aurreko edizioetan ere, eta eskatu digu «lehen aldiz entzuten duzuenean, goza ezazue nota bakoitzarekin, eta hortik aurrera entzuten duzun guztietan altxatu eta dantzatu, sentitu, abestia horretarako sortu dela uste baitut».

Bukatzeko, Argia Ikastolako lehendakariak iragarri du Artea Oinez erakusketaren inaugurazioa ekainaren 11n izango dela Tuteran, Almirantearen jauregian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun