Berria txapelketaren finalerdietan arerio izanen dira Juanenea eta Zubiri

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 31a, 10:56
Berria txapelketaren aurkezpena, Martxelo Otamendi zuzendariarekin. Juanenea (ezkerretik hasita lehena) eta Zubiri (eskuinetik bigarrena) finalerdietan izanen dira. Argazkia: Maialen Andres

Saldiaskoa Labakarekin A multzoko buru izan da eta Goizuetakoa Azpirozekin B multzoko bigarren

Aritz Juanenea saldiastarrak eta Labakak, Azpiroz eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra jokatuko dute erremonteko Berria txapelketako finalerdietako bat. Bertze finalaurrekoan, Aldabe eta Larrañaga, Ansa II.a eta Arruarteren kontra ariko dira.

A multzoan Juanenea eta Labaka izan dira lehenbiziko zortzi punturekin, ortzeguneko partidan 35-31 irabazi baitzietan Segurola eta Zalduari. Ansa II.a eta Arruarte bigarren izan dira hiru punturekin. Segurola eta Zaldua 0 punturekin gelditu dira eta Otaegik eta Garcesek ezin izan dute parte hartu, aurrelariak min hartua dagoelako.

B multzoan ere lesio batek erabaki du sailkapena. Etxarrik kolpe bat hartu zuen eta ez du azken partida jokatzerik izanen. Horrela, Aldabe eta Larrañaga izan dira lehenbizikoak 10 punturekin eta Azpirozek eta Zubirik 7 lortu dituzte. Goikoetxea eta Aizpuruk ere 7 lortu dituzte (jokatu gabe geldituko den azken partidako lau puntuak gehituta), baina Azpiroz eta Zubiriren kontra galdu zutenez, hauek sailkatuko dira. Etxarri eta Agirrezabala 5 punturekin gelditu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun