Tokiko entitatei 964.000 euro baino gehiago emanen zaizkie beren eskola kontzentrazioak mantentzeko

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 30a, 14:00
Goizuetako eskolako ikasleak Zuhaitzaren Egunean. Aranoko 15 ikasle joaten dira Xalto eskolara ikastera.

Beste herrietako Haur eta Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta. DBHko 1. eta 2. mailako 3.048 ikasle jasotzen dituzte guztira

Jarduneko Nafarroako Gobernuak maiatzaren 29ko bilkuran akordio bat onetsi du, zeinaren bidez, Eskola kontzentrazioak mantentzeko tokiko 36 entitatei 964.425 euroko diru-laguntzak emanen zaizkien. Ikastetxe horiek beste herrietako, Haur eta Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta DBH 1. eta 2. mailako 3.068 ikasle jasotzen dituzte guztira. Tartean daude Elizondo, Doneztebe, Goizueta, eta Leitzako eskolak. Herritik kanpoko 184 ikasle hartzen dituzte lau eskola hauetan.

Nahiz eta toki-administrazioei dagokien ikasle horiek eskolatzeko erabiltzen diren eraikinak mantentzea, Hezkuntza Departamentuak uste du horrek dakartzan mantentze-kostuak itzuli egin behar zaizkiela udal horiei, baldin eta beste udalerri batzuetako ikasleak jasotzen badituzte beren eskoletan eta ikasleak Nafarroako Gobernuaren xedapen edo erabaki bidez eskolatu badira eskola horietan, eskola-mapari jarraikiz. 

Honela, Baztango Udalak 11.499 euroko laguntza jasoko du, Elizondoko eskolak hartzen dituen Elizondotik kanpoko 37 ikaslerengatik; Doneztebek udalak 39.293 euro jasoko ditu Doneztebetik kanpoko 125 ikaslerengatik, Goizuetako udalak 4.715 euro eskuratuko ditu Aranoko 15 ikaslerengatik eta Leitzako udalak 2.200 euro, Aresoko 7 ikaslerengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun