Bidasoko lehen izokina babestu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 29a, 19:00
Babestutako izokina, ingurumeneko teknikariaren eskuetan.

Montoia putzuan arrantzatu zuten igandean 5 kilo eta 75 zentimetroko arraina

Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian da jada pasa den igandean, maiatzak 26, Bidasoan arrantzatutako eta babestutako lehendabiziko izokina. 4,840 kilo eta 750 milimetroko arraina euliaz harrapatu zuen Nazas del Bidasoa Arrantza Elkarteko arrantzale batek Montoiako putzuan. Arrantzaleak, “Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle” programaren baitan Ingurumen Departamentuari dohaintzan eman dio izokinak berreskuratzen laguntzeko eta ugaltzaile moduan erabiltzeko.

Behin izokina arrantzatu eta abisua eman ondotik, Ingurumeneko teknikariek bere gain hartu zuten izokina eta Oronoz-Mugairiko arrain-haztegira eraman zuten, zauriak sendatzeko eta infekzioen kontrako tratamendua emateko. Ingurumeneko teknikarien erranetan, «izokin emea da, eta negura bitarte bizitzen bada 9.000 arraultze errun ditzake, Bidasoa birpopulatzeko erabiliko direnak».

 

Denboraldiko datuak

Apirilaren 14an ireki zen izokin arrantzrako denboraldia eta Lehenbizikoa apirilaren 17an harrapatu zuen Uharteko Aitor Aristregik. Orduz geroztik hamar izokin harrapatu dituzte. Babes-neurri moduan, maiatzaren 27tik ekainaren 13ra behin behinekoz itxi dute kanpaina.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun