Bere Plan Estrategikoaren barne, INTIA enpresa publikoak urtero antolatzen du nekazaritza eta abeltzantzara dedikatu nahi duten gazteentzako ikastaroa. Hain zuzen aurtengoa aste honetan borobildu dute, Atarrabian gazte ekintzaileentzat egin duten jardunaldi batekin. Azken saio horretan lau gazte ekintzaileren bizipenak aditzeko aukera izan zuten eta horrekin batera, bertze hainbat lagunek hartu zuten hitza: Pilar Larunbe Gazteen Instalazioko INTIA taldeko dinamizatzaileak Nekazaritzako Enpresak Sortzea bultzatzeko Zerbitzuan belaunaldi-aldaketaren egungo arazoa konpontzeko eta nekazaritza-sektorea gazteentzat erakargarri egiteko lanean ari direla azaldu zuen, Alberto Pardo proiektu ekintzaileen gaian aditua denak hitzaldia eskaini zuen eta Rural Kutxako Luis Gartzia eta Sergio Lopez finantzazioaren garrantziaz eta gazteak nekazaritza eta abeltzaintzan hastearen beharraz solas egin zuten.
Sektorean hasiko diren 36 gazteak
Ekintzailetza-jardunaldi horretan gazteek Juanma Intxaurrandieta INTIAko kudeatzailearen eskutik diploma jaso zuten. Urtarril hondarrean hasita 200 orduko hainbat saio egin dituzte eta saio horietan, bertzeak bertze, ustiapen ereduaz hausnartzeko aukera izan dute eta lankidetza eta dibertsifikazioa bezalako alderdiak ere jorratu dituzte. Gazteentzat erreferentzia izan daitezkeen nekazaritzako eta abeltzaintzako hainbat ustiapen ere bisitatu dituzte.
Aipatzekoa da, bitan banatuta egin dutela ikastaroa. Nekazaritzako ikastaroan 18 lagunek, lau emakumezko eta 14 gizonezkok, parte hartu dute eta Erriberrin ibili dira. Abeltzaintzako ikastaroan parte hartu duten 18ek, berriz, (sei emakumezko eta hamabi gizonezko) Atarrabian egin dute ikastaroa, eta horietatik hiru izan dira eskualdekoak. Saioek iraun duten 200 orduetan 48 hizlari profesional eta adituren azalpenak jaso dituzte.