ELAIDE webgunea sortu dute Nafarroako 28 euskara zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 20:00

www.elaide.eus euskaraz ikasten ari direnendako erreferentziazko webgune izatea bilatzen duen web orria

Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean sortu dute elaide.eus webgunea, euskaraz ikasten ari direnei laguntza eta baliabideak eskaintzeko helburuarekin.

Baina zer erran nahi du Elaidek? 

ELAIDE hitzak bi esanahi ditu, batetik, hizkera edo hizkuntza erran nahi du; eta, bertzetik, norbaitekin tratua duen pertsonari edo pertsona ezagunari egiten dio erreferentzia. Eta honek guztiak baduzu zentzua ELAIDEn. 

Zer aurkituko dute sartzen direnek Elaiden?

Euskara bizitzeko eta gehiago ezagutzeko tresna bat, euskaraz ikasten ari direnei lagungarri izanen zaizkien informazio eta tresnekin.

Euskara ikasleentzako txokoa da Elaide. Euskarara hurbildu nahi dutenendako, ikasketa prozesuan aurrera egin nahi badute, euskaraz egiteko aukerak eta baliabideak bilatzen dituzten horiendako toki ezin hobea da ELAIDE. Egitasmo honen helburua da euskara eta euskal kultura euskara ikasleen eta berau ikasteko asmoa dutenen eskura paratzea, eta aberastasun hori konpartitzea; Elaide ikasketa prozesuan bidelagun izanen dute ikasleek.

Bertan aurkituko dituzte: informazio eguneratua eta interesekoa, euskarazko aktibitateen agenda, bi asteroko buletina, euskara ikasteko dirulaguntzei buruzko informazioa, euskara ikasi eta praktikatzeko baliabideak, hainbat webgune eta proiektuetara estekak (euskaltegiak, mintzapraktika, Euskaraldia, tokiko hedabideak, etab.).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun