Juanenea eta Zubiri izanen dira eskualdeko erremontelariak Berria txapelketan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 15a, 12:00
Berria txapelketan parte hartuko duten erremontelari gazteak, Berria egunkariko Martxelo Otamendi zuzendariarekin eta bertze antolatzaileekin. Argazkia: Maialen Andres

Bi taldetan banatutako zortzi bikote hasiko dira maiatzaren 16an eta finala ekainaren 15ean jokatuko dute bi bikote onenek 

Oriamendi enpresako hamasei erremontista gaztek hartuko dute parte Berria txapelketan. Maiatzaren 16an, ortzegunean hasi, eta ekainaren 15era arte luzatuko da. Zortzi bikoteek bi taldetan banatuta jokatuko dute. Aritz Juanenea saldiastarra A taldean ariko da Labakarekin eta Aritz Zubiri goizuetarra B taldean, Azpirozekin.

A taldean, Ansa II.a-Arruarte, Juanenea-Labaka, Segurola-Zaldua eta Otaegi-Garces ariko dira; B taldean, berriz, Azpiroz-Zubiri, Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a, Aldabe-Larrañaga eta Etxarri-Agirrezabala.

Lehen fasea ligaxka bidez jokatuko da; gero, finalerdiak jokatuko dituzte ekainaren 8an, talde bateko lehenbizikoak bertzeko bigarrenaen kontra, eta, azkenik, finala, ekainaren 15ean. Finalerdietan sartzen diren pilotariek gazte mailako sanfermin torneoa jokatzeko eskubidea lortuko dute.

Maiatzaren 16an, ortzegunean Galarretan jokatuko da lehenbiziko jardunaldia: Goikoetxea V.a eta Aizpuru III.a, Aldabe eta Larrañagaren kontra, alde batetik; eta Juanenea eta Labaka, Ansa II.a eta Arruarteren kontra, bertzetik. Jaialdiko hirugarren eta laugarren partidak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun