Cederna Garalur Elkarteak bere batzarra egin du eta susperraldi ekonomikoa erakutsi du

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 11a, 13:00

Maiatzaren 7an Irurtzunen egin zuen bere urteko batzarra Cederna-Garalur elkarteak.

Nafarroako Mendialdeko 80 enpresa berriri emandako laguntza nabarmendu dute eta horiek, 90 lanpostu sortu dituztela 

Cederna Garalur Elkarteak, Nafarroako Mendialdeko tokiko ekintza-taldeak, batzar nagusia egin zuen Irurtzunen maiatzaren 7an. Batzarraren buru Amaia Ekisoain eta Ibon Mimentza izan ziren, elkartearen presidenteordea eta kudeatzailea, hurrenez hurren.

Une berezia izan zen, agintaldi honetako azken batzarra izan baitzen. 2018ko oroitidazkia eta kontuan, eta 2019ko lan-egitasmoa eta aurrekontua azaltzeaz gain, elkarteak 2014ko abenduan porrot egin zuenetik gertatutakoaren balantzea egin zen. Elkartea ixteko zorian egotetik finantza-egoera orekatu batera pasa dela nabarmendu zuten. Orain, egoera hori finkatu nahi dute guztien parte-hartzearekin. 

Denbora-tarte horretan, elkarteak uko egin zion proiektu propioetan arriskatzeari eta defizita sortzen zuten hainbat zerbitzu emateari: Bertzeak bertze, Europari buruzko informazio-zerbitzua (Europe Direct) eta turismo-kalitatea hobetzeko kudeaketa-sistema (SICTED).  Halere, zerbitzu nagusiei eutsi zieten: Nafarroako Mendialdea 2014-2020 LGP programaren kudeaketa; ekintzaileei eta toki-erakundeen proiektuei babesa. Aldi berean, lana sendotu zuten bertze arlo batzuetan: hala nola, toki-erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko bitartekaritza, 2017 eta 2018rako Landa Garapeneko Departamentuarekin sinatutako akordio bati esker. Halaber, gizarte-masa eta plantilla gehiena mantendu dela azpimarratu zuten. Plantilla bere gaitasuna hobetzen ari da diziplina anitzeko talde gisa jarduteko.

2018ko oroitidazkiari dagokionez, mugarri garrantzitsuenen artean dugu Nafarroako Mendialdeko 80 enpresa berriri emandako laguntza; horiek, 90 lanpostu sortu zituzten, gehienak emakumezkoenak. Landa Garapeko Programari dagokionez, Ibon Mimentzak gogora ekarri zuen 2016an deialdia zabaldu zenetik 4,8 milioi eurotik gora banatu direla laguntzetan. Zehazki, 2018an 2017ko deialdira aurkeztutako 50 proiekturi laguntza ematea onartu zen, eta horrez gain, hirugarren deialdia ireki zen: 46 proiektu aurkeztu ziren. Orobat, Cederna Garalur Elkartearen Energia Efizientziaren eta Kudeaketaren Zerbitzuaren emaitza honak azaldu ziren.

Ondoren 2019rako lan-egitasmoaren berri eman zen. Horren barnean txertatzen dira, bertzeak bertze, Nafarroako hegoaldeko EDER taldearekin lankidetza-proiektu berri bat martxan jartzea, Birdwatching-i, hau da berriki onartua den La Caixaren InnovaSocial laguntzen bitartez ekintzailetzari babesa emateko zerbitzuari buruzkoa, eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako bertze tokiko ekintza-taldeekin lankidetzan ekonomia zirkularreko ekintzak ezartze aldera. Landa-garapeneko programari dagokionez, 647.000 euroko deialdi bat irekitzea aurreikusi da, eta horrez gain, programa horrek gaur egunera arte izan duen garapenari buruzko kanpo-ebaluazio bat enkargatzea.  Halaber, gaur egun ditugun finantziazio-iturriei eustea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuten, horrek aukera emanen baitie ekonomia hobetzen jarraitzeko, eta berriro finantza-arazoak ez izatera.

Bertzalde, Cederna Garalur Elkarteko presidenteordeak Mendialdearen garapenerako horren garrantzitsua den elkarte honetan inplikaturik dauden eragile guztien lana eta konpromisoa nabarmendu zituen, eta korporazio eta erakunde pribatuak eta sozialak animatu zituen «proiektu ilusionagarri» honetan parte hartzera.

2019ko aurrekontua eta 2018ko kontuak onartuta, bilera bukatutzat eman zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun