Herriarteko txirrindulari gaztetxoen topaketak eginen dituzte herriz herri

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 7a, 06:30
Joan den urtean, irailean egin zuten txirrindulari gaztetxoen topaketa Beran.

Lehenbizikoa maiatzaren 11n eginen dute Lesakan 

Joan den urtean Illekuetan eta Txokoton egindakoen bidetik, aurten ere herriarteko txirrindulari gazteen topaketak antolatu dituzte Beti Gazte, Gure Txokoa, Erreka eta Baztandarra txirrindulari elkarteek.  Lehenbizikoa maiatzaren 11n eginen dute Lesakan, Salvador Yanciren omenez eginen den martxa zikloturistaren bezperan. Mastegi futbol zelai inguruan elkartuko dira. Lasterketak 17:00etan hasiko dira eta izen-emateak 16:00etatik aitzinera egin ahalko dira. Federatu gabeek 2 euro ordaindu beharko dute.

2013 urteaz geroztik jaiotako neska-mutikoek (ttikiak) 500 metroko ibilbidea izanen dute, 2011-2012 urtekoek (aurrebenjaminak) kilometro batekoa, 2009-2010 urtekoek (benjaminak) 2 kilometrokoa, 2007-2008 urtekoek (alebinak) 4 kilometrokoa eta 2005-2006 urtekoek (infantilak), 6 kilometrokoa.

Lesakakoaren ondotik, ekainaren 2an Iruritan, ekainaren 15ean Beran, ekainaren 30ean Donezteben eta irailaren 8an Anizen. Urdazubin ere egitekoa dute.

Probek ez dute lehiaketa izaerarik izanen; ondorioz, ez dira denborak hartuko, ez da sailkapenik izanen. Proben helburua parte-hartzaile guztiek kirola egitea da, ekitaldi hauetan denek dute tokia. Maila guztiak mixtoak izanen dira. Kaskoa derrigorrezkoa da. Parte-hartzaileek antolatzaileen aginduak errespetatu behar dituzte.

Lasterketa hauek girotzeko inguruko txirrindulari profesional eta ohien laguntza izanen dute eta laguntzaileek emandako opari bikainak zozketatuko dituzte azken egunean. Sari onenak eskuratu ahal izateko, bederen hiru probetan parte hartu beharko da.

 

Txirrindularitza eskola Lekarozen

Pasa den urtean egindako lanak, fruituak eman ditu. Baztango kasua erraterako. Baztandarra Txirrindulari Elkartea berpiztu da eta 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoekin txirrindularitza eskola berri bat martxan jarri dute. Apirilatik ekainera, astean behin, Lekarozko kirol instalazioetan biltzen dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun