Irrisarrin eta Urdazubin helmugak izanen ditu aurtengo Bidasoko Itzuliak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 6a, 13:00

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Irrisarrin izanen du helmuga Bidasoko Itzuliko etapa batek.

Asteazkenetik larunbatera eginen den 47. edizioko lau etapak eskualdetik pasako dira 

Txirrindulari afizionatuei zuzendutako Bidasoko 47. Itzulia eginen dute maiatzaren 8tik 11ra. Ohi bezala, eskualdeko errepideetatik ibiliko dira txirrindulariak eta asteleheneko eta asteazkeneko etapak Igantziko Irrisarri Land eta Urdazubin helmugaratuko dira.

Hain zuzen, asteazkeneko lehen etapa Irunen abiatu eta Irrisarri Land parkean (3. mailako mendatea) bukatuko da, 104,2 kilometroren ondotik. Zigako gaina (3. maila) igaro beharko dute. Irrisarrin lehen aldetxoak egitea espero da, azken 1.700 metroek banaz bertze %9ko malda baitute, %15eko zatiekin.

Ortzeguneko etapak Hondarribia izanen du irteera eta helmuga, 128, 8 kilometroko ibilbidearekin. Ziga (3. Maila) eta Jaizkibel (1. maila) igo beharko dituzte.

Ortziraleko hirugarren etapak Hendaia eta Urdazubi lotuko ditu, 121 kilometroko luzerarekin. Saldias (2. maila), Gorostieta (2. maila), Belate (3. maila), Ziga (3. maila) eta Otsondo (3. maila) igoko dituzte, Urdazubin helmugaratu baino lehen.

Larunbatean, azkenik, etaparik laburrena izanen da, Irunen hasi eta bukatu, 77,7 kilometro. Tartean, Gurutze (3. maila), Aritxulegi (1. maila), Agiña (1. maila), San Martzial (2. maila) eta Erlaitz (1. maila) igoko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun