Lekaroz, Leitza, Doneztebe eta Donostiako ikasleek kontzertuak eskainiko dituzte maiatzean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 3a, 12:00
Doneztebe, Lekaroz, Leitza eta Donostiako ikasleak bilduko dira.

Maiatzaren 7an Leitzan; 8an Donezteben; eta 9an Lekarozen bilduko dira.

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, aurten ere, Lekaroz, Leitza, Doneztebe eta Donistiako institutuetako ikasleek, ikasturtean ikasi eta landutakoa plazaratzeko asmoz, kontzertuak eskainiko dituzte. Hitzorduak maiatzeko bigarren astean zehaztu dituzte.

Lehendabiziko topaketa Leitzako Amazabal frontoian izanen da, maiatzaren 7an, asteartean, 17:00etan. Biharamunean, ordu berean, Doneztebeko frontoian bilduko dira. Lekarozko institutuko kiroldegian, berriz, ortzegunean, hilaren 9an, 17:00etan elkartuko dira; eta ortziralean, maiatzaren 10ean, 17:00etan Donostiako Lau Haizetara ikastetxeak hartuko du lekukoa.

Hainbat kanta entzuteko aukera bikaina izanen dute kontzertu horietara bertaratzen diren musikazaleek, euskal abestiez eta rock estiloko musikaz kantutegi zabala prestatu baitute bateko eta bertzeko ikasleek. Musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizunik ere ez da faltako.

Euskal abestiak, rock estilokoak, dantzak... uztartuz eskainiko dute emanaldia

Agurrarekin hasi eta Ramones taldearen 'Blitzkrieg bop' kantara bitarte ondoko kantuok osatuko dute aurtengo emanaldia: 'Martxa baten lehen notak' (Mikel Laboa-Artze); 'Loretxoa' (Exkixu); 'Video killed the radio star' (The Buggles); 'Larrosen baltsa' (Patxi ta konpainia); 'Habanera' (Xabier Lete); 'Miña Terra Galega' (Siniestro total); 'Have you ever seen the rain' (Crredence); 'Nothing else Matters' (Metallica); 'Neskatxo' (Txakun); eta 'Caballo prieto azabache' (Mexikar herrikoia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun