5.000 euro banatuko ditu Denok Bat Federazioak hainbat erosketa-txarteletan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 3a, 13:00

Baztan, Bera, Lesaka eta Doneztebeko 26 denda biltzen ditu federazioak.

Maiatzaren 6tik 18ra hiru dendetan 20na euroko erosketa minimoa egiten dutenen artean

 

Bortz urte beteko ditu aurten Denok Bat Federazioaren giltzariak eta ospatzeko erosketa-bonuak zozketatuko dituzte. Maiatzaren 6tik 18ra hiru dendetan 20na euroko erosketa minimoa egiten dutenen artean 5.000 euroko saria banatuko dute: 250 euroko sei erosketa-txartel eta 500 euroko 2 bale zozketatuko dituzte astero.

Bertan Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza Elkarteak, Larun Haizpe Berako Zerbitzu, Merkatari eta Ostalaritza Elkarteak, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak eta Doneztebarrak Doneztebeko merkatarien elkarteak elkarlanean aritzeko sortu zuten Denok Bat Federazioa. Bezeroen fideltasuna saritzea zuten helburu eta bide beretik segitzen dute bortz urte beranduago.

Elkarlan horren emaitzetako bat izan zen giltzaria: 2014an federazioaren barne dauden hainbat komertzio eta zerbitzuk bezeroak sartzeko giltzaria atera zuten. Datuak dira giltzariak izan duen arrakastaren lekuko: gaur egun 5.300 giltzari banatuak dituzte eta Baztan, Bera, Lesaka eta Doneztebeko 26 dendetan erabil daitezke.

Abantailak

Giltzaria duten bezeroentzat deskontuak eta hainbat promozio egin izan dituzte bortz urteotan. Aurten, ordea, haratago joan nahi dute eta giltzariak bortz urte beteko dituela ospatzeko egin dute eskaintza berria: maiatzaren 6tik 18ra guttienez hiru dendetan 20 euroko erosketa minimoa egiten dutenen artean 5.000 euro banatuko dituzte erosketa-txarteletan.

Hori eta gehiago ere eskaintzen dute denda ttikiek: hurbiltasuna, tratu pertsonala, esperientzia, aniztasuna produktuetan, bertako produktuak… Gehiago ere bai, autorik hartzeko beharrik izan gabe bertatik bertara daude, eskura; bezeroari behar duena momentuan eskaintzen diote gehiago erostera bultzatu gabe, eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte negozioari balio erantsia emanez eta bisitariak erakarriz. Aldi berean, milaka lanpostu sortzen dituzte herrietan eta horrek aberastasuna ematen diela herriei. Landa eremuetako herriak ez husteko gakoak dira, bizitasun handia ematen dietelako herriei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun