Osasun Departamentuak kanpaina abian jarri du cannabisaren kontsumo errekreatiboaren gaineko eztabaida soziala sustatzeko

Osasun Departamentuak kanpaina abian jarri du cannabisaren kontsumo errekreatiboaren gaineko eztabaida soziala sustatzeko
Kanpainako karteletako bat.

Garunean eragin ditzakeen efektuei eta osasunerako ekar ditzakeen bertzelako arriskuei buruzko informazioa ematen du, batez ere adin txikikoei eta gazteei zuzenduta, talde horren kontsumoa altua dela kontuan izanik.

 

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak kanpaina berria jarri du abian honako goiburu honekin: “Cannabisak zure garunari eragiten dio. Pentsatu duzu?" Modu horretan, biztanleria gazteari zein helduari proposatu nahi dio cannabisaren kontsumo errekreatiboaren normalkuntza sozialari buruzko hausnarketa egiteko, kalterik egiten ez duela sinesten da-eta. Era berean, osasunerako dituen arriskuen inguruko informazioa ematen du, arrisku serioak eragiten baititu batik bat etengabe kontsumitzen bada, eta bereziki adin txikikoengan, bizitzako ibilbideen etendura ekartzen duelako (eskola eta lan porrotak, familiako edo lagun arteko harremanak zailtzea, istripuak eta abar).

Drogei eta Mendekotasunei buruzko III. Prebentzio Planean egiten diren jardueren barnean, Nafarroan, bereziki adin txikikoengan eta gazteengan cannabisaren, marihuanaren eta bestelako eratorrien kontsumo errekreatiboaren nagusitasun handiari erantzuten dio, Nafarroako kontsumoa, Euskal Autonomia Erkidegokoarekin eta Valentziakoarekin batera, Espainiako handienen eta Europako altuenen artean kokatzen baita. 

Fernando Domínguez Osasun kontseilariak gaur goizean aurkeztu du kanpaina Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) zuzendari kudeatzailea den María José Pérez Jarautarekin eta ISPLNko Osasunaren Sustapen eta Osasun ataleko burua den Margarita Echaurirekin batera. Domínguezek nabarmendu du cannabisaren kontsumoak garunari eragiten diola, eta kezkatuta agertu da adin txikikoek eta gazteek asko kontsumitzen dutelako, hazkunde eta garunaren heltze-etapetan egonik.

Kanpaina berriarekin, Mª José Pérez Jarautak adierazi moduan, hiru helburu lortu nahi dira: batetik, cannabisaren, marihuanaren eta bestelako eratorrien kontsumo errekreatiboaren arriskuei eta ondorioei buruzko egungo ezagutza zientifikora egokitutako ezagutza eta pertzepzio soziala sustatzea; bigarren, kontsumoarekin loturiko arriskuak murriztea, bereziki adin txikikoengan eta gazteengan, hausnarketa bultzatuaz eta erabaki osasungarriak hartzeko elementuak emanaz; eta, azkenik, kontsumoaren inguruan eztabaida soziala sustatzea.

Bertzalde, Marga Echaurik adierazi du cannabisaren kontsumoa aisialdi-espazioetatik eguneroko bizimoduko egoeretara hedatzen dela. «Cannabisa zerbait naturala eta kaltegabea bezala ikusten eta kontsumitzen da, baina, egia esan, osasunerako arriskuak ditu». Azaldu duenez, ongizatea  eta nolabaiteko euforia lortzeko kontsumitzen da edota harremanak egiteko, lasaitzeko edo estresa eta egoera zailak maneiatzeko, «baina lortu nahi diren efektu horiek, neurrizko kopuruekin, ez dira beti lortzen, eta pertsona batetik bestera alda daitezke, kontsumo kopuruaren eta maiztasunaren, adinaren, sexuaren, pisuaren, pertsonaren aurretiko jarreraren, ingurune sozialaren (kontsumo-erritua, genero-eraikuntza,…) eta abarren arabera», erran du.

 

Cannabisaren kontsumoaren egoera Nafarroan

Foru Komunitateko kontsumo-nagusitasunak Espainiako eta Europako herrialdeetako batez bestekoen gainetik aurkitzen dira.

Nafarroan, cannabisaren presentzia eta kontsumoa normalizatu egin da, alkohola edo tabakoa baino gutxiago izan arren: 15 eta 64 urte arteko biztanleria helduaren ia %40ak eta 14 eta 18 urte arteko biztanleriaren %39 inguruk (Espainiako banaz bertzekoa %31koa) probatu dute (EDADES 2017 eta ESTUDES 2016 inkestak). Adin-tarte horretan, beheranzko joera gertatu da 2006. urteaz geroztik, baina bi gorakada egon dira, bat 2008tik 2012ra eta bestea 2014-2016 artean.

Bestalde, azken 30 egunetan kontsumitu duen biztanle-kopurua honela banatzen da: %19 18 eta 29 urte artekoa eta %22 14 eta 18 urte artekoa (Espainiako batez bestekoa %18koa).

14 eta 18 urte arteko taldean, Nafarroan bi kontsumoetan, Espainiako batez bestearekiko aldeak estatistikoki esanguratsuak dira.

Aldizkako, etengabeko eta arriskuko kontsumoaren edo kontsumo arazotsuaren edo mendekotasun sortzailearen efektuen inguruko ondorioak ateratzeko azterketa gehiago behar badira ere, cannabisaren presentzia handiagoa dela egiaztatu da trafiko-istripuetan, eta larrialdi pediatrikoetan artatutako intoxikazio etilikoetan ere horrekin lotzen da (15 urtetik beherakoak); hain zuzen ere, horietan cannabisaren presentzia bikoiztu egin da 2007-2011 denboralditik 2011-2016 denboraldira, %7tik %14ra igaroaz.

Adimen Osasuneko zentroetan, 2017tik 2018ra mantendu egin da buru- eta portaera-nahasmenduekin artatutako gaixoen kopurua, diagnostiko nagusi edo bigarren diagnostiko bezala cannabisaren kontsumoa izan denean, 362 eta 355 kasu, hurrenez hurren. Nerabeen arretei dagokienean, Proyecto Hombreren Suspertu programan, 2018an, sartutako 72 berritatik, 51k (%71) cannabisa kontsumitzen zutela adierazi zuten, eguneroko kontsumoa nagusi izanik eta hasteko adina 13,8 urtekoa, batez ere mutilak.

 

Cannabisaren arriskuak eta ondorioak

Cannabisaren eta marihuanaren osagai psikoaktibo nagusia tetrahidrocannabinola da, THC, beste osagai cannabinoide askorekin batera. Drogen Estatuko eta Nazioarteko beste Erakunde batzuen Planaren arabera, cannabisaren kontsumoak garunean eragiten du honako hauekin loturiko funtzioetan: memoria, pentsamendua, kontzentrazioa, mugimendua, koordinazioa, gosea, mina, plazerra eta pertzepzio sentsoriala eta denboraren pertzepzioa.

Epe laburrera, ongizatea eta nolabaiteko euforia bezalako efektu onuragarriak sortzen ditu, baina memoriaren hondamendia eta arreta edo kontzentrazioa eskatzen duten eginkizunak egiteko zailtasuna ere sortzen du, eta horrek ikasketetan eta eskola edo lan errendimenduan eragin dezake eta absentismoa edo porrota erraztu, bizitzako ibilbideen etendura bultzatuaz.

Cannabisan dagoen THCa gidatzeko eta zenbait makina maneiatzeko gaitasunak (arreta, kontzentrazioa, koordinazioa eta erreakzionatzeko denbora) kaltetzearen arrazoi nagusia dela esaten da; hori dela-eta, trafiko edo laneko istripuak gertatu daitezke ondorio ezberdinekin.

THCarekiko tolerantzia oso desberdina da, eta dosi ezberdinek pertsona ezberdinengan intoxikazioa eragin dezakete, honako hauek sortuaz: ondoeza, urdaileko ondoeza eta/edo goragalea, eta horiekin batera, larrialdi-sentsazioa, mugikortasun-eza, izerdia edo hotzikara, erritmo kardiakoa gehitzea, orientazio-eza, e.a. Gazteleraz, “blancazo” bezala ezagutzen da.

Antsietatea, beldurra, mesfidantza edo izu-ikara bezalako kontrako adimen-erreakzioekin lotzen da, eta, kasu batzuetan, marihuanaren kontsumoaren eta psikosi akutuko gertaera isolatuen artean aurkitutako lotura ere aztertzen da; azken horretan ondorengoak gerta daitezke: aluzinazioak, eldarnioak, paranoiak eta nortasun pertsonalaren zentzuaren galera edo adimen-osasuneko zenbait arazo larri ezartzearen eragile bezala.

Halaber, nabarmendu behar da cannabisaren arriskuei bestelako drogekin batera kontsumitzean sortzen diren arriskuak gehitzen zaizkiela; horrela polikontsumoa ohikoa da.

 

Kanpaina

“Cannabisak zure garunari eragiten dio. Pentsatu duzu?" kanpaina hainbat fasetan garatuko da 2019. urtean zehar, Nafarroako geografia osoan.

Kanpainaren barnean euskarri eta jarduera ezberdinak sartzen dira: 15.000 liburuxka eta 10.000 kartel elebidun editatzea eta banatzea eta/edo jartzea honako hauek bezalako espazio ezberdinetan: osasun-zentroak, ospitaleak, udal gizarte-zerbitzuak, igerilekuak eta kirolerako eta aisiarako bestelako espazioak, eta sozietate gastronomikoak. Horrez gain, irratiko iragarkiak, sare sozialetan eta zinemetan iragarkiak eta bideoak, prentsako iragarkiak jasotzen dira; halaber, markesinak, biniloak autobus-geltokietan eta parkingetako edikuluetan, eta kontsultetarako web gunea sortzea.

 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun