Etxean ikusitakoa ogibide bihurtu dute

Gurutze Pikabea 2019ko api. 20a, 10:00

Baserriko lana afizio eta ofizio dute hainbat gaztek. Argazkia: Rakel Rico

Ez dira bat edo bi momentuko lana utzi eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizitzea erabaki duten eskualdeko gazteak. Lan lotua dela dioten arren, ez dira hartutako erabakiaz damutu, horixe delako maite dutena

Harro daude nekazari eta abeltzain izateaz; harro etxean lan egiteaz eta harro egiten dutenaz. Ez dute astelehenetik ortziralerako zortzi orduko lanaldirik, baina ez dute horren penik. Horren gainetik dago baserrian lan egiteak ematen dien guztia. Lan lotua dela dioten arren, mundu horretan egin nahi dute aitzinera. 

Basozain, fabriketan, dendetan, gasolindegietan eta bertzelako lanetan ibiliak dira. Ez zen hori, ordea, Arkaitz, Juan, Aitor, Lurdes, Ibai, Imanol, Josu, Mikel eta bertze hainbat gaztek nahi zutena. Hortaz, momentuko lana utzita, baserritik bizitzea erabaki dute.

 

Gasolindegitik baserrira

Eguneroko «aktiboa» du Lurdes Argain Bergara 38 urteko narbartearrak, eta maite du haragitarako behiekin eta ardiekin lan egitea. Ia zortzi urtez denda batean ibili ondotik, gasolindegi batean aritu zen, eta 2004an, «aita zenak aurretiko erretiroa hartu zuzenean», gurasoen lanbideari heldu eta nekazaritzara dedikatzea erabaki zuen.

 

Fabrika utzi eta behiekin

Imanol eta Ibai Juanena Aleman 26 eta 24 urteko urroztar anaiak dira. Bere garaian Goi Mailako mantentze-lanen ikasketak egin zituzten eta duela urte bat inguru arte etxetik kanpo aritu izan dira lanean, «gehienbat produkzioan eta muntatze-lanetan». Iaz, ordea, gurasoen bidea hartzea pentsatu zuten eta geroztik, esnetarako behiekin egiten dute lan.

 

Bigarren sektoretik lehenbizikora

Josu Jorajuria Bazterrika 35 urteko donamariarrak mantenimendu industriala eta elektrizitateko ikasketak egin zituen eta hamahiru urtez industrian ibili da lanean. Duela bizpahiru urte, ordea, «buruari bueltaka» hasi omen zen, eta «baserrian gelditu nahi nuela gero eta garbiago» zuela ohartu zen. Gaur egun, ofizialki oraindik nekazari bezala hasi ez bada ere, baserriko lanetan ibiltzen da, ardiak jetziz eta bildotsekin harat eta honat. Bere gurasoek nekazaritza izan dute lanbide eta «martxan dagoen esplotazioa denez, nire egunerokoa baserriko lanak egitea da». Azaldu digunez, «aurten Nafarroako Gobernuko gazteen lehen instalakuntza programan aurkeztu naiz eta deialdian sartzen banaiz, aurten instalatuko naiz eta laguntzak arditegiko instalazioak hobetzeko erabiliko ditut».

 

Zer ikusi hura ikasi

Ez dute arrotza lanbidea. Etxean ikusitakoa da ogibide bihurtu dutena eta ez omen da zaila izan erabakia hartzea.

Narbartearraren gurasoek esnetarako behiekin lan egiten zuten eta «hori zen ttikitatik ikusi eta gustuko nuena». Hala ere, argi zuen ez zuela esnetarako behiekin lan egin nahi: «esnetarako 30 behirekin ezinean egoteraino ailegatu ginen. Denak kendu edo bertze modu batera segitzeko ordua ailegatu zen. Gainera, esnetarakoekin segitzea esklabutza iruditzen zitzaidan». Baserrian segitu nahi zuenez, «ardiak mantenduz, haragitarako behiak paratzeko apustua egin genuen». Gaur egun, «batetik aretzeak gizendu eta harategietara saltzen ditugu eta bertzetik, ardiak jetzi eta esnea saltzen dugu». 

Urrozko anaiek «betitik» behiekin lan egitea gustuko izan dute. Azaldu digutenez, «gurasoek beti behiak izan dituzte, lehen etxeko sotoan eta aspaldiko urteetan granjan». Hori da «ttikitatik ezagutu duguna». Hortaz, lanbide horrekin «segitzeko aukera izanda, aprobetxatzea erabaki genuen». Gainera, «aunitzik pentsatu gabe» hartu omen zuten bertze lana utzi eta behiekin hasteko erabakia. Egunero 4.000 litro esne inguru bildu eta Kaikuri saltzen dizkiote.

Jorajuria ere «baserrian jaioa» da eta «ttikitatik gurasoei laguntzen» aritua. Bere aitzineko belaunaldiek «bizimodua baserrian atera» izan dutela ikusita, berak ere bide hori hautatu du: «baserrian erreleboa hartzeko ordua iritsi zela ikusi nuen. Ez dut baserria eta ingurua abandonaturik ikusi nahi». Hortaz, «gurasoek egindako lanari segida» eman nahi izan dio, «arditegia eta artaldea eginak daude eta ez da hutsetik hastea bezala». Orain duten artaldearekin segitzeko asmoa du: «esnea inguruko gaztandegi batera saltzen dugu eta bildotsak bertako tratante bati».

 

«Ez nintzateke hutsetik hastera ausartuko»

«Haragitarako behiekin laguntzetatik bizi gara»

«Ni gustura bizi naiz egiten dudanarekin»

Lurdes Argain, Narbarte

 

Oinarri batetik abiatuta

Gaur egun hutsetik baserria ogibide bilakatzea «arront zaila» dela uste du Argainek. Bere kasuan, «inbertsio handiak» egin behar izan zituzten arren, «etxean oinarri bat bagenuen» eta alde horretatik, errazagoa izan zela uste du: «esnearen kupoa saldu eta diru hura haragitarako behiak erosteko aprobetxatu genuen. Baina hortaz aparte, inbertsio haundiak egin genituen: nabe berria, makineria guztia berria... Transformazio haundia izan zen, baina oinarri batekin egindakoa». Aitortu digunez, «hutsetik hasi beharko banu, ez nintzateke hasiko».

Haragitarakoekin hasteak bertze aldaketa bat ere ekarri zien: «esnetarako behiekin hilabete hondarrean litro kopuruaren araberako txekea jasotzen genuen». Haragitarakoekin, ordea, «urtean bozpasei aldiz Nafarroa eta Europatik jasotzen ditugun dirulaguntzetatik bizi gara. Harategian ordaintzen denaren erdiaren erdia ere ez digute ordaintzen eta laguntzarik gabe ez genuke deus eginen. Garrantzitsua da hori onartzea».

Une gogorrak bizitakoa da narbartearra: «joan den urtean, birus edo bakteria bat tarteko, aretze aunitz hil zitzaizkigun. Irtenbiderik ez zegoela eta urte hondarrean alferrik aritu ginela ikustea psikologikoki kolpe gogorra» izan omen zen. «Dena uztea» ere pentsatu zuela dio, baina egoera hura gaindituta, «aurten hobe» dabiltza: «kezka hor dago, baina bertze modu batera moldatzen ari gara».

 

Lan lotua baina polita

Urrozko anaiek esnetarako behiak dituzte baina eurentzat «lan polita» da. «Lan guztiak bezala alde onak eta txarrak» dituela kontatu digute, baina nabarmendu dutenez, «baserriko lana gustatuz gero, hagitz polita da». Alde onenak «etxetik bertan lan egitea eta nagusirik ez izatea» direla aitortu digute eta txarrena «lotura handiko lana» izatea: «bazkatu, jeztea kontrolatu, intseminazioak... Ezin da hutsik egin». Hala ere, ez daude bakarrik: «gurasoak eta bi anaiak izanda, ongi moldatzen gara egunak txandakatzeko, gehienbat asteburuetan».

«Garbi nuen baserrian gelditu nahi nuela»

«Antolatzeko askatasuna ematen du»

«Lehengo baserri ereduetatik ezin da bizi»

Josu Jorajuria, Donamaria

 

 

Donamariarrak ere baserriko lana «lotua» dela dio; «ez duzu deskonektatzen». Baina bertzetik, «egunerokoa antolatzeko askatasuna» ematen duela azpimarratu du: «kontziliazio familiarra, etxeko martxa...». Alde onak gehiago dira bere irudiko: «naturari begira egiten duzu lan, garaiaren arabera lanak antolatzen dira eta herrian eta etxe inguruan ateratzen duzu ogibidea».

 

Astelehenetik igandera

Goizean jaiki eta aziendekin lanak eginez hasten da hiru abeltzainen egunerokoa. Argainek «Legasako eta etxeko granjetako lanak» egiten ditu lehenbizi eta «08:30erako handik edo hemendik etxera etortzen naiz. Amatxiri haurrak prestatzen lagundu eta eskolara eramaten ditut». Etxera itzultzean gosaldu eta berriz ere lanean segitzen du. «Etxeko teilatua ez zait aise gainera eroriko», dio umoretsu. Bazkalondoan, «20-30 minutuko siesta egin eta berriz ere lanean segitzen dut». Eskolara haurren bila «normalean» amatxi joaten dela kontatu digu, «eta bera da bi haurrekin parkean egoten dena». Hori ere azpimarratu du: «amatxi gabe ezinezkoa nuke egiten ditudan lanen erdiak egitea». Parketik bueltan, «haurrak granjan nirekin gelditzen dira eta beraiekin egoteko aprobetxatzen dut. Gero etxera joan, dutxatu, afaldu eta ohatzera. Eta biharamunean gauza bera. Ez dugu iganderik, baina hori ez da arazoa, ohituak gaude».

 

Juanena anaiak ere goizean hasten dira lanean: «07:00etatik 09:00etara behien lanak egin eta akitzean gosaldu egiten dugu». Indarrak hartutakoan lanean segitzen dute: «egunez beti izaten da zer egin, bai granja barrenean baita  kanpoan ere». 18:00etan itzultzen dira behiengana. «19:30 arte berriz ere behien lanak egiten ditugu». Egun batzuetan «ordu gehixeago eta bertze batzuetan guttixeago» aritzen dira, eta «tarteka, lanaren arabera, goizak edo arratsaldeak libratzeko aukera izaten dugu».

Donamariarrak «garaiaren arabera, egunerokoa aldatu» egiten zaiola adierazi digu. Azaroan ardiak umatzen hasten zaizkie: «ardiak barrenean daude eta bazkatu eta bildotsak zaindu behar dira». Abenduan jezten hasten dira eta halaxe segitzen dute abuztura arte. Tarte horretan, «egunero 06:00etan eta 18:00etan ardiak jetzi eta bazkatzen ditugu». Baina etxekoekin egoteko ere hartzen du denbora: «egun batzuetan alaba ttikienarekin egotea tokatzen zait eta goizetan alaba zaharrena eskolara eramaten dut». Handik bueltan, «beti egiteko zerbait» aurkitzen du: «ardiak belaira atera, bazterrak txukundu...». Gainerakoan, «udaberrian eta udan belarrak egiten ditugu».

 

Sektorea krisian?

Jorajuriaren hitzetan, sektorea «nahiko zahartua» dago eta baserritik bizitzea «zaila» da, «bertze lanbide aunitzetatik bezala». Bizimodua aldatu denez, «baserriek garai berrietara egokitu» behar dutela dio. «Argi dago lehenagoko baserri ereduetatik ezin dela bizi». Azken urteotan, «lehen sektorea aunitz industrializatu» denez, «nekazariak autonomia haundia galdu» duelakoan dago: «ezin dugu merkatu horrekin lehiatu eta bertze bide batzuk aurkitu behar ditugu».

Bere ustez, aitzinera egiteko, nekazaritzak «iraunkorra» izan beharko luke, «bertan ditugun baliabideak egoki erabiliz eta kalitateko produktuak ekoitziz». Merkatuan «gure produktua baloratzea» ere garrantzitsutzat jo du, «non ekoitzia den eta duen kalitatea bereiziz». Horrez gain, «gutti profesionalizatutako sektorea» dela uste du: «nekazaritza eskola bat beharko luke gure eskualdeak».

Donamariarrak bezala, urroztarrek ere urteekin egoera aldatu dela adierazi dute: «lehenago aunitzez ere animalia guttiagorekin bizi zitekeen, baina gaur egun instalazio eta makina modernoei esker lanak aunitzez ere errazago egiten direnez, animalia kopuru handiagoarekin lan egin beharra dago soldata ona lortzeko. Aitzinerapausoak eman ezean, lehengo moduan lan eginda zaila da konpetitiboa izatea». Kontuak kontu, ez dute uste gaur egun sektorea krisian dagoenik. «Baina esnearen prezioa zerbait igoko balitz, hobe», gaineratu dute.

 

'Ohikoa ez den aukeraketa'

Gizartean baserritik bizi direnak guttiesteko joera izan badela sumatua dute urroztarrek eta donamariarrak. Juaneneatarren hitzetan, «gaur egun, baserriko lanarekin jarraitzea ez da hain ohikoa eta gizarteak arrarotzat jotzen gaitu, gehienbat gizarteak bizi kalitatea eskertzen duelako, egunean zortzi ordu lan egin eta asteburuak libre izatea».

 

«Betitik behiekin lan egitea gustatu zaigu»

«Etxetik bertan lan egiten dugu eta nagusi gabe»

«Gizarteak arrarotzat jotzen gaitu»

Ibai eta Imanol Juanena, Urroz

Bide beretik jo du Jorajuriak: «hemengo aunitzendako nekazaritza lanbide txarra da eta horregatik jotzen du kanpora lanera». Baina berak argi du baserritarrik gabeko etorkizuna hagitz bertzelakoa izanen dela: «gure eskualdea eta ingurua aunitz aldatuko da hemen ez bada baserritarrik gelditzen». Hori «gehiago baloratu» beharko litzatekeelakoan dago: «gure produktuaren gibelean dagoen lana, ingurugiroaren zaintza, herrietan bizitzea, ekonomia zirkularra...».

 

Etorkizunari begira ilusioz

Egoera horri buelta emateko segituko dute hainbertze maite duten ogibidearekin. Urroztarrek «egunerokoa bizi» dutela diote, eta etorkizunari «ilusioz eta gogotsu» heldu nahi diote, «are gehiago eskualdean gazte baserritar gehiago hasi» direla ikusita. «Baserri mundua gustuko duen edozeini beldurrik gabe aitzinera egiteko» erran nahi diete: «elkarlanean, gauzak errazago egiten dira».

Argainek, kanpotik ikusita, bere egunerokoak «eromena» irudi dezakeela dioen arren, berak ez du halakorik sentitzen. «Garrantzitsuena egindakoarekin norbera kontent sentitzea da, eta ni kontent bizi naiz egiten dudanarekin». Agintariei «egoera gehiago ez zailtzeko» baino ez die eskatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun