Mikroipuin lehiaketaren irabazleak iragarri ditu Euskokultur Fundazioak

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 4a, 20:00

Berako Ricardo Baroja eskolako Eneko Etxeberria Osuak eta Lekarozko Institutuko Irene Alexandra Males Pinto lehen sariak lortu dituzte

Mikro-ipuin lehiaketaren hamabigarren edizioan saritutako idazlanak jakinarazi ditu Euskokultur Fundazioak. Fundazio honek eta Pamiela argitaletxeak antolatzen dute sariketa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren laguntzaz. Guztira Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko 75 ikastetxek 1.635 ikaslek parte hartu dute azken edizio honetan.

Saridunen artean, D ereduko Lehen Hezkuntzan, Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoko Eneko Etxeberria Osuak eskuratu du lehen saria, ‘Tximeletaren maitemintzea’ ipuinarekin. Kategoria berean, Ricardo Baroja ikastetxeko Aimar Arandia Elizondok ohorezko aipamena jaso du, ‘Arantzako istorioa (egizko istorioa)’ idazlanarekin.

A ereduko Bigarren Hezkuntzan, berriz, Lekaroz BHIko Irene Alexandra Males Pintok eskuratu du lehen saria, ‘Aitatxi ez dago’ idazlanarekin. Kategoria berean, Lekaroz BHIko Francisco Gutierrezek ohorezko aipamena jaso du, ‘Aitzakiarik zaharrena’ ipuinarekin.

Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Ines Castiellak, Izaskun Etxeberriak, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute aurtengo epaimahaia. Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta bana jasoko du, apirilaren 10ean Tuteran eginen den ekitaldian. Sustrai Colina bertsolari eta idazleak hartuko du parte sari-banaketetan, aurtengo edizioko artista gonbidatu moduan. Gainera, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun