21. Korrika

Apirilaren 8an ailegatuko da Korrika eskualdera

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 22:21

Bortzirietatik Xaretara, Baztandik Bertizaranara eta Malerrekatik Leitzaldera igaroko da Korrika.

Ehun kilometrotik goiti eskualdean

Badator Korrika! Ortzegun honetan, apirilak 4, Garesen hasi da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, 17:00etan. Hortik aitzinera, 11 egunez, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barna 2.560 kilometro eginen ditu. Eskualdera heldu den astelehen goizaldean, apirilak 8, ailegatuko da eta arratsaldera bitartean ehun kilometrotik goiti eginen ditu. Baztan-Bidasoaldean, erraterako, 96 kilometro eginen ditu eta Leitzaldean 11.

Euskaraldiari keinu eginez, euskararen aldeko jokabideak hartzera deitu du Korrikak, hau da, euskararen alde Klika egitera. Eta horixe da hain zuzen hilaren 14an Gasteizen helmugaratuko den 21. Korrikaren leloa: Klika. Omendua, berriz, Txillardegi izanen da, Euskara Batuaren 50. urteurrena dela baliatuz, Txillardegik alor horretan egindako lana goraipatu nahi izan dute. Korrikako antolakuntzaren ustez, «Txillardegik egundoko lana egin zuen, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu».


Bortzirietatik Xaretara, Baztandik Bertizaranara eta Malerrekatik Leitzaldera

Goizaldean, 02:50 aldera, Gipuzkoa aldetik Berara sartzen denean ailegatuko da eskualdera Korrikaren lekukoa. Lesakan, Igantzin eta Etxalarren pasako ditu ondorengo orduak, eta handik Sarako bidea hartuko du. Gero Senperera joanen da eta Ezpeleta eta Ainhoan barna, Urdazubira, Dantxarinera, ailegatuko da, 10:50 aldera. Xareta utzita, Baztanerako bidea hartuko du Korrikaren lekukoak. Amaiurtik Elbetera joanen da eta Elizondon 13:20 aldera espero dute. Baztandik Bertizaranara joko du eta 14:30ean
Narbartera ailegatuko da euskararen aldeko lasterketa. Malerrekara joanen da gero eta ordu erdi beranduago Donezteben izanen da. Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Ezkurra
pasata Leitzara 18:00 aldera ailegatuko da 21. Korrika.


Korrika kulturala eta Korrika Ttikiak
Korrika girotzeko, hainbat izan dira herriz herri egin diren kultur hitzorduak. Horrez gain, Bortzirietan Korrika Ttikiak antolatu dituzte. Ortzirale honetan, apirilak 5, Arantzan,
Etxalarren, Igantzin eta Lesakan euskararen alde lasterka ibiliko dira. Arantzan, 16:30ean hasiko da Korrika Ttikia, Etxalarren 14.30etik 16:00etara eginen dute, Igantzin 15:30ean Sarrola auzotik abiatuko da eta Lesakan, 15:00etan egin dute hitzordua. Beran, berriz, astelehenean, apirilak 8, 11:00etan egin dute hitzordua. Altzateko plazatik abiatuta bi kilometroko ibilbidea eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun