Euskal pilota egokituko master cup txapelketaren finalak igandean jokatuko dituzte Beasainen

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 3a, 12:00

Txapelketako finalen protagonistak, Abel Barriolarekin eta bertze antolatzaileekin, Beasaingo Igartza jauregian.

Aurkezpenean Abel Barriola izan dute aitabitxi eta gurpildun aulkikoen finalean, Joseba Lasa lesakarra eta Asier Navaridas sunbildarra izanen dira aurrez aurre 

Pilotariei animo izugarriak eman zizkien Abel Barriola bezalako aitabitxi batekin, Beasaingo Igartza jauregia zoragarrian aurkeztu dituzte apirilaren 7an Goierriko herriko Antzizar pilotalekuan jokatuko diren Euskal Pilota Egokituko Master Cup txapelketaren finalak. Jaialdia igande eguerdiko 12etan hasiko da eta sarrera debaldekoa izanen da aforoa bete arte. Gainera, partidak Euskal Telebistak emanen ditu zuzenean, txapelketa honek duen benetako helburuan, kirolari hauen ikusgarritasunean, aurrerapauso izugarri bat emanez.

Bigarren edizio honetan parte hartzaileen kopurua hazi egin da iazkoarekin konparatuz eta, aurtengoak izan duen harrera ikusita, datorren urterako asmoa hazten jarraitzea da. Gainera, Iker Amarika antolakuntzako kideak adierazi duenez, «valentziar pilotan ari diren zenbait pilotarik agertu dute hurrengo urtean erabat irekia den txapelketa honetan parte hartzeko asmoa».

Lehiaketa bi mailatan banatu da eta Azkoitian jokatutako kanporaketen ondotik, Sheila Cueto-Iraitz Huegun (Errenteria eta  Donostiakoak),  Leire Esnal (Zumaia) eta Eneko Sagarmendiren  (Errenteria)  aurka arituko dira adimen urritasuna dutenen mailan eta gurpildun aulkikoen artean Joseba Lasa (Lesaka)-Beñat Lizaso (Usurbil) eta Javier Etxezarreta (Donostia)-Asier Navaridas (Sunbila) ariko dira txapelen bila.

«Gure aurpegia zarete. Gipuzkoako Egokitutako Kirolen Federazioak 15 urte bete ditu eta gauza asko egin dira, baina hau aukera izugarria da. Goza ezazue eta dena eman. Ondo pasa eta jakin jende asko izango dela zuei begira, harritu egingo den jende asko, ematen duzuen ikuskizuna oso handia da eta». Hala opa die Blanca Aranguren, federazioko lehendakari ordeak, kantxan dena emateko prest agertu diren zortzi finalistei. Beasaingo alkate, Aitor Aldasorok, deia luzatu zuen kirolari bikain hauek Antzizarreko harmailetatik babesteko.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun