Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunak 50 udal konprometituak ditu dagoeneko

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 2a, 07:05

Itunarekin bat egin duten Nafarroako udalak.

Martxoaren bukaerara arte, Nafarroa osoko 50 udalek sinatu dute  Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Ituna, 335.815 biztanle edo Nafarroako populazioaren % 52 ordezkatzen dutelarik. Tartean daude Baztango, Berako eta Leitzako Udala ere.

Hauexek dira martxoaren bukaerara arte ekimenari atxiki zaizkion udalak: Altsasu, Antsoain, Agoitz, Arakil, Arbizu, Arguedas, Arruazu, Arroitz, Artaxoa, Bakaiku, Barasoain, Baztan, Bera, Berriozar, Carcastillo, Castejon, Oltzako Zendea, Corella, Caseda, Ergoiena, Esteribar, Etxarri Aranatz, Faltzes, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Lakuntza, Larraga, Los Arcos, Leitza, Mendabia, Murillo el Fruto, Noain (Elortzibar), Olazti, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Oteitza, Iruñea, Azkoien, Gares, Puiu, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Uharte Arakil, Untzue, Urdiain, Valtierra, Viana eta Ziordia.

Borondateen mobilizazio hau Nafarroako Gobernuak otsailean toki erakundeei luzatutako gonbidapenak bultzatu zuen, eta zenbait egun geroago Foru Komunitateko Alkateen Itunari buruzko informazio jardunaldi batek indartu zuen. Kontuan izan behar da itun hau, toki entitateak berotegi efektuko gasen (BEG) isurketak murrizteko helburuaren erantzunkide bihurtzea xede duen ekimen europar baten ondorioa dela, eta horretan parte hartzen duten udal guztiek baterako ikuspegia erabiliko dutela klima-aldaketa arindu eta horretara egokitzeko nahiz pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Horren harira gogoratu behar da, Iraunkortasunaren aldeko Nafarroako Toki Entitateen NELS Sareak, Alkateen Itunaren sustatzailea den heinean, konpromisoa onartu zuela martxoaren 14an egindako urteko batzarrrean. Horrek esan nahi du, besteak beste, ekimena sustatuko duela, sinatzaileei sostengua eta laguntza emanen diela, nabarmenak diren ezaguerak, jardunbide egokiak, tresnak eta baliabideak partekatuko dituela, eta lankidetzan jardungo duela Itunaren beste sustatzaileekin eta lurralde koordinatzaileekin batera, ekiuntza bultzatzeko eta ikuspegi koordinatua sustatzeko.

Hemendik 2030era arte udalerriko berotegi efektuko gasen isurketak gutxienez % 40 murriztea da klima eta energiaren aldeko udal konpromisoak dakarren lehenbiziko ondorioa, eta horretarako, bereziki energia-eraginkortasuna hobetuz eta energia-iturri berriztagarrien erabilera gehituz. Bigarrenik, udalerriaren erresilientzia areagotuko da, klima-aldaketaren ondorioetara egokituz.

Konpromiso horiek ekintzetan gauzatzeko, toki entitateak bere gain hartuko du erreferentziazko BEG isurien inbentarioa lantzeko konpromisoa, klima-aldaketari loturiko arrisku eta kalteberatasunen ebaluazioarekin batera. Jarraian, Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkeztu beharko du, erabakia hartu eta ondoko bi urteen barnean. Azkenik, gutxienez bi urtez behin, egoerari buruzko txostena landuko du, ebaluazio, jarraipen eta kontrolari buruzko irizpideak barne hartuz.

Prozesu osoan, Nafarroako Gobernuak sostengua emanen die klimaren eta energiaren aldeko konpromisoari eusten dieten toki entitateei. Sostengu hori metodologia eta laguntza teknikoaren bitartez gauzatuko da, Lursarea Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia eta NELS Sarea tarteko dituen udal arduradunen arteko lantaldearen barnean, klima eta energiaren arloko ekimenei buruzko jardunbide egokiak, ezagutza eta baliabideak partekatzeko xedez. Konpromiso horiek Life NAdapta proiektu europarra gauzatzeko prozesuari ere atxikita daude, toki entitateen arteko sustapena baita proiektu honen ekintzetako bat.

Nafarroako Gobernuak, Lursarea Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentziaren bitartez, ondorengo asteetan lanean jarraitzea aurreikusia du, alkateen itunarekin konprometitutako toki entitateen zerrenda luzatzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun